Pozik baino pozago zeuden Aloña Mendiko txirrindulari gazteak eguazten arratsaldeko entrenamenduan San Martin eta Aldakiño artean egin duten ziklo-kroserako pista berrian. "Duela egun batzuk, euria egin zuenean, asko gozatu zuten, eta orain, pista siku dagoela, erabat desberdina dela konturatu dira, beste modu batera ibili behar dutela ikusi dute. Aldaketa horiek oso aberasgarriak dira entrenamenduetarako. Pozik gaude, bai", adierazi du txirrindularitza saileko presidente Aitor Atorrasagastik.
Denen arteko lana
San Martingo zuhaiztian entrenatu dira orain arte, baina azken urteetan gehitu egin da modalitate horretan ere ibili gura duten gaztetxoen kopurua. Zuhaiztia nahiko zapalduta gelditzen zen, eta, gune hura zaintze aldera, ikusten zuten ez zela tokirik aproposena. Hala, Aldakiño eta San Martin auzoko kantxaren arteko espazioan ziklo-kros pista egiteko proposamena egin zioten Udalari. Hark begi onez ikusi zuen, eta hori egiten lagunduko ziola esan zion herriko txirrindularitza elkarteari: Udalak jarri du materiala –hesolak, esaterako–, eta pista bera Aloña Mendiko txirrindularitza sailaren komunitateak egin du. Hala, adin askotariko txirrindulariak, zuzendaritza taldeko kideak eta gurasoak ibili dira ingurua garbitzen eta pista prestatzen: basoko sasiak kentzen, zuhaitz ingurua garbitzen eta hesolekin eta zintekin bideak markatzen.
Erabilera librea du zirkuituak
700 metroko zirkuitua da, eta hiru gune ditu. "Zati bat laua da, baina txikia, motza. Bihurguneak itxiak dira, oso eta horiek ondo eta azkar hartzeko dago prestatuta horrela. Oztopo batzuk ere jarri ditugu, bizikletatik jaitsi, hori pasa eta berriz bizikleta gainera igotzen moldatzen laguntzeko. Kantxa gaineko pistak aldapa esanguratsua du, eta basoan dagoen zatian, berriz, ibilbide desberdinak egin daitezke buelta bakoitzean. Hesola batzuk jarrita daude bidea markatzeko, baina zuhaitzek ere egiten dute funtzio hori, eta horregatik egon daitezke bide ezberdinak. Beheko aldean karakola deritzon gunea prestatu dugu, trebetasunak lantzeko".
Pista hori, baina, entrenamenduetarako bakarrik izango da. Txapelketako lasterketa bat egin ahal izateko, gutxienez bi kilometro izan behar ditu zirkuituak. Hona, beraz, ez dira lehengo ziklo-kros lasterketak itzuliko, baina hemendik kanpo egingo dituztenetan trebeak izateko lagunduko die bertako txirrindulariei. Astean hiru arratsaldetan –astelehenak, eguaztenak eta eguenak– egingo dituzte han entrenamenduak, eta gainerako egun eta orduetan edonor ibili ahal izango da, erabilera librea du. "Hori ona da; azkenean, erabilerak sustatzen du txirrindularitza", dio Atorrasagastik.
Denboraldia, hastear
Egaralur eta Magdalena gasolindegia dira, aurten ere, Aloña Mendiko ziklo-kros taldea babestuko dutenak. Kadete eta gazte mailetako bederatzi txirrindulari dira, eta eurekin batera entrenatzen da elitean dabilen Unai Cueva ere (Eulen). Eskola mailakoekin batera, 50 bat txirrindulari dira guztira, eta urriaren 24ko asteburuan hasiko dute denboraldia, Ormaiztegin. Asteburu honetan, Medina de Pomarren eta Villarcayon lehiatuko dira, Gipuzkoako selekzioarekin, Peru Guenetxea eta Luken Olalde..
Astelehenean aurkeztuko dute zirkuitua, 19:00etan. Herritar denei luzatu gura die gonbidapena Aloña Mendik hara joa eta zirkuitua bertatik bertara ezagutzeko.
--------
Aitor Atorrasagasti, Aloña Mendiko txirrindularitza saileko presidentea
"Denon artean egindako zirkuitua da"

Nolakoa da zirkuitua?
Hiru zati ditu eta askotariko aukerak eskaintzen ditu bakoitzean. Teknika ezberdinak landu daitezke bakoitzean. Oso pozik gaude.
Nolakoa izan da prozesua?
Ba, nahiko azkarra, egia esan. San Martinen jarraitu ordez, espazio hau zirkuitu moduan erabiltzea proposatu genion Udalari. Baietz esan zigun, eta materiala hark ordainduko zuela. Abuztu amaieran hasi ginen dena garbitzen eta pistak egiten; hilabetean bukatu dugu. Polita izan da ikustea gaztetxoak ere zein ilusioarekin ibili diren laguntzen.
Zein izango da erabilera?
Eskola mailako 32 txirrindulari ditugu, eta beren kasa hasi dute denboraldia dagoeneko. Pozik daude. Hilabete batzuetan mendiko bizikletarekin ibiltzea sekulako arnasa da eurentzat ere. Berez ezin da lasterketarik antolatu hemen, eta nagusienek entrenatzeko erabiliko dute. Baina badugu buruan eskola mailako teknifikazioa egitea.
Zein ekarpen egingo du?
Guri, handia. Txikiekin ere mendiko bizikletan ibiltzen hasita geunden. Eta erabilera librea izatea sekulakoa iruditzen zait.