Aitor Biain, bihar Bilbon estreinatuko duten 'Arriagaren aterkia' operan

Aitziber Aranburuzabala Juldain

Eszena-zuzendari Ane Pikaza eta Aitor Bian musika-zuzendaria. Argazkia: Aitor Biain.

Antzerkia, musika eta Bilboren memoria uztartzen ditu euskarazko haur-operak.

Familientzako sortutako ikuskizuna da Bilbon girotutako Arriagaren aterkia haur-opera. Euria, hiria eta oroitzapenak ditu hari nagusi, opera, lirika eta kantu korala publiko gaztearengana hurbiltzeko asmoz. "Bidaia bat da ikuskizuna, Juan Crisostomo Arriaga Bilboko konpositorearen bizitzan zehar, lau etapatan banatuta: haurtzaroa, gaztaroa, helduaroa eta zahartzaroa. Kontakizunaren erdigunean aterki misteriotsu bat agertuko da, Arriagarena omen zena eta istorioan zehar sinbolo esanguratsua bilakatuko dena. Konpositorearen istorioaz gainera, Bilboren historian barneratuko gaitu istorioak", azaldu du Arriagaren aterkia operako musika-zuzendari Aitor Biainek.  

Bihar, zapatua, 18:00etan egingo dute estreinako emanaldia, eta domekan, 12:00etan, bigarrena. Teatroarriaga.eus atarian eros daitezke sarrerak.

Musika guztiaren ardura

Apirilean jaso zuen Oñatiko musikariak ikuskizunean parte hartzeko proposamena, eta pozik eman zion erronkari baiezkoa: "Bilboko koraletako gerenteak deitu zidan, esku artean niretako moduko proiektu bat zuela esanez; eta, egia esan, ilusio handiarekin ari naiz, oso gustuko ditut-eta musika eta abesbatza kontuez gain beste arte-diziplina batzuk batzen dituzten euskarazko proiektuak, eta honako hau oso interesgarria da, hasieratik bukaerara hemen eta hemengoek sortutakoa. Lan handia dago atzetik, lanordu asko ari dira izaten, baina ikaragarria da lantaldean dagoen giro ona, eta, duda barik, asko laguntzen du horrek". 

Aitor Biain: "Arriagaren bizitzaren eta Bilboko historiaren bidaia eder bat da"

Nerea Alberdik eta Aitor Etxebarriak konposatu dute musika, eta haiekin egindako elkarlana goraipatu du Oñatikoak: "Musika-zuzendaria naiz ni; hortaz, ikuskizuneko musika guztiaren ardura da nirea, baina, noski, nik ez dut dena egiten. Obrako musikaren konpositoreekin oso gustura jardun dut, oso eskuzabalak izan dira eta behar genituen moldaketak egiteko gertu egon dira une oro. Musika ekoizpenak hainbat une edo prozesu ditu, eta, horien arabera, egin beharreko lanak ezberdinak dira. Ni proiektuan sartu aurretik, ordurako abesbatzak entseatzen zebiltzan, eta geroago hasi nintzen ni koruekin eta orkestrakoekin entseguak egiten. Musika-entseguak egin ondoren, azkeneko asteetan lantalde artistiko osoa elkarrekin entseatzen ibili gara".  

Arriagaren aterkia operaren une bat. Argazkia: Aitor Biain

Ibilbide luzeko artistak

Bilboko eta Bizkaiko haur abesbatzez gaine, Ibone Sardon sopranoak eta Julen Garcia baritonoak ere abestuko dute, hari-, haize-, perkusio- eta elektronika-ensembleak lagunduta.

Musikaz gain, bestelako osagai gehiago ditu: "Antzerkitik ere asko du eta puntako aktoreak daude: Loli Astoreka, Leire Ucha eta Itziar Manero. Eszena-zuzendaria Ane Pikaza da, eta oso ondo moldatu gara, elkarlan polita izan da. Beste sailetako lankideak ere ikaragarriak dira: esaterako, David Bernues, argien diseinatzailea; eta Betitxe Saitua, jantziena. Guztion artean 55 minutu inguruko ikuskizun ederra osatzea lortu dugu, eta heldu da jendaurrean erakusteko unea".   

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak