Hamahiru urte pasa dira Mikel Ugartek (Oñati, 1993) Errioxako Cameros mendi zerrako herri txiki batean lehenengo triatloia egin zuenetik. Orduan federatuta ere ez zegoen, eta inork ez zuen aurreikusiko lasterketa hura egitera animatu zen gaztea, 2026an, munduko Ironman garrantzitsuenean onenen artean egongo zenik. Oñatikoak joan den zapatuan 8.04.04an geratu zuen erlojua, orain arteko euskal marka onena da, eta estatu mailan bigarrena. Ugartek Hawaii-tik itzultzeko maletak egiten berritan erantzun ditu galderak; astelehenean Goiena telebistan izango da.
Atzetik aurrera hasiko gara. Eta orain, zer?
[Barre] Galdera ona, nik ere ez dakit erantzuten. Lehenengo, lortutakoa barneratu nahi dut, egindakoari balioa eman, adituak garelako gure buruak gutxiesten. Badakit segituan esango diodala nire buruari: "Lortu duzu onenekin egotea, baina ez zaude euren mailan", edota "behin egin duzu, baina ez da errepikatuko". Auto-konfiantza gutxi duen kirolari horietakoa naiz, eta horregatik eman nahi diot balioa lortutakoari.

Azalean tatuatzeko moduko marka egin duzu (08.04.04). Eneko Llanosek 2008an Hawaii-n azpi-txapeldun izan zenean hamabost minutu gehiago egin zituen...
Hor badut pena apur bat, bizikletako tartean haize zakarra izan genuelako eta aurrekook azken urteotan baino 10 minutu gehiago behar izan genituelako tarte hori betetzeko. Zortzi orduko markatik jaistea ederra izango litzateke, baina gutxienekoa da, oso pozik nago egindako lasterketarekin. Baina bai, nik aurten egindako markarekin duela bospasei urtera arteko Ironman guztiak irabazi egingo nituzke. Hau da, geroago eta maila handiagoa dago, jendea hobeto prestatzen da... Berriz etortzen banaiz, egindakoa hobetzeko ezin dut lan berbera egin, hobekuntza txikiak egin beharko ditut, bestela atzean geratuko naiz.
"Egindakoari balioa eman nahi diot; auto-konfiantza gutxi duten kirolari horietakoa naiz"
Badakit aurreikuspen onenetan zure burua 20. postuagatik borrokatzen ikusten zenuela. Horrek erakusten duen ze emaitza ona den 13. egitea.
Nik ere ezustea hartu nuen. Lasterketa erdira arte ez nituen sentsazio onenak izan. Ez nindoan txarto, baina oso ondo ere ez. Uste dut bizikletan 26. postuan hasi nintzela. Eta, gogoan dut nire aurretik zihoazen bi atleta harrapatzeko erritmoa bizitu nuela, eta orduan esnatu zitzaidan gorputza. Bizikletako tartea amaitzeko 70 kilometro falta zitzaizkidanean, hor hasi nintzen ondo sentitzen, indartsu.
Eta hor maratoia zeneukan zain, 42 kilometro pasatxo korrika [Ironman proban 3,6km egiten dituzte igeri, 180km bizikletan, eta 42,195km korrika].
Hor postuak aurreratzen joan nintzen poliki-poliki, etxekoak nituen bide bazterrean laguntzen, eta erreferentziak ematen zizkidaten. Aurrean jendea pott egiten ari zen, eta hori aprobetxatu beharra zegoen. 15. postura iritsi nintzenean pentsatu nuen ni ere lehertu egingo nintzela, ez nintzela hurrengo anoa postura iritsiko. Ahalik eta gehien freskatzen saiatzen nintzen, ura edaten... Hamahirugarren postura iritsi nintzenean hurrengo zalantza izan nuen, postu horrekin konformatu ala hamabigarren zihoan Cameron Wurf harrapatzen saiatu. Azken kilometroetan aurrean ikusten nuen, tartea txikitzen nindoan poliki-poliki baina nik ere ez nuen erritmo aldaketa handirik egiteko gaitasunik. Bera ere korrika zihoan, polikiago baina korrika. Alegia, ez zihoan leher eginda. Geroago eta gertuago nengoela ikusi zuenean bizitu egin zuen erritmoa, eta esprint modukoa egin genuen, baina ez nintzen inongo momentutan haren parera iritsi. Batek daki, lasterketak 500 metro gehiago izango balitu... [Barre].

Hawaii-rako sailkatzea ze zaila den jakinda, itzuliko zara?
Hori ere ez dakit erantzuten. Pentsa, iaz bosgarren sailkatu zena ezin izan da aurten lasterketan egon, ez da sailkatu. Jende on asko geratu da etxean, 55 lagunendako tokia baino ez dago. Oraindik ez dut erabaki, baina baliteke urtea amaitu aurretik beste Ironman bat egitea, Hawaii-ra sailkatzen saiatzeko. Izan ere, datorren urteko slot-ak –sailkapen txartelak– dagoeneko eskura daude. Orain dudan gorputzaldi ona baliatu nahi dut saiakera bat egiteko, datozen asteetan nazioarteko lasterketa egoki bat aukeratu eta proba egin. Fisikoki bai, baina mentalki ere prest egon behar duzu berriz ere gorputza muturreko sufrimendura eramateko. Ikusiko dut zer erabakitzen dudan.
Sailkatzea gauza bat da, eta gastuei aurre egitea beste bat...
Bai, lasterketa aurreko prestakuntza guztia, Hawaii-ra etortzea... Dena neure poltsikotik ordaindu dut, inongo laguntzarik gabe. Lasterketan 13. sailkatu nintzenean pentsatu nuen, "tira, laguntzatxo bat izango dut", 15 onenendako sari ekonomikoa egoten delako. Eta hala ere zulo ederra utzi dugu [Barre].
"Ez dut erabakia hartu, baina baliteke urtea amaitu aurretik beste Ironman bat egitea"
Non egon da klabea? Sierra Nevadako prestakuntza, Hawaii-ra lasterketa baino 20 egun lehenago joan eta klimara ondo egokitzea, lasterketako gorabehera denak bideoz errepasatuta izatea...
Horiek guztiak lagungarri dira, azken batean detaile denak direlako garrantzitsuak. 8 orduko lasterketa batean segundo gutxi batzuk horren erabakigarriak direnean, denak laguntzen du. Baina, benetako klabea urtetan egindako lanean dago. Gauza mordoa alboratu ditut urte hauetan, ez dut gogoan azkenekoz noiz izan nintzen Oñatiko jaietan, beti dago entrenamenduren bat... Hemen ez dago sekreturik, urteak daramatzat behin ere kale egin gabe, serie bakar batean kale egin gabe. Azken batean, hor dago gakoa. Eta garbi esango dizut hau ez dagoela edonoren esku, entrenatzaile moduan ez dizut halakorik salduko, gauza asko batu behar direlako halako emaitza bat lortzeko. Hasteko, genetikoki berezkoa izatea. Hori da abiapuntua, baina ondoren lana dator. Etxekoen babesa eta laguntza izatea, sakrifizio asko egiteko prest egotea, triatloia beste gauza askoren gainetik jartzea... Eta ez urtebetez, urte askotako lana dago atzean.
Kuadrillakoek zuzenean jarraitu zuten lasterketa, elkarte batean afaria antolatuta...
Whatsapp-ean konturatu nintzenean afaria ni jarraitzeko antolatzen ari zirela... Sekulako ilusioa egin zidan, izugarri eskertzen diet euren babesa, lasterketa amaitu eta segituan bideo-deia egin nuen eurekin berba egiteko eta eskerrak emateko. Eta eskertzen diet, gainera, eurekin gutxi egoten naizelako. Baina badakit nire lasterketak jarraitzen ibiltzen dira, eta horrek asko pozten nau. Eskerrak eman baita etxekoei eta bikoteari, hemen izan dira niri laguntzen, eta gainontzeko lagunei, Oñatikoei eta gainontzekoei, zorion mezu asko jaso ditut eta egunotan. Hurrengo entrenamendu saio gogorretan, ala lasterketan sufritzea tokatzen denean, ez da gauza bera lasterketa txar bateko mamuak buruan izatea ala halako bizipenez gogoratzea. Badakit irribarre bat aterako zaidala, eta horrek izugarri laguntzen du.
"Genetikoki berezkoa izatea ezinbestekoa da halako emaitza bat lortzeko, ez dut esango edonoren esku dagoenik. Eta gero lana dago atzean. Lana, eta sakrifizo handiak"
Ikasketez ingeniaria, baina ogibidez prestatzaile fisikoa zara. Profesionalki honek lagundu zaitzake?
Kalte ez du egiten, azken batean, publizitatea delako. Lasterketa on bat egin izan dudan bakoitzean beti gerturatu izan zait kirolariren bat entrenatzaile moduan harekin lan egingo nukeen galdetzen. Egia esan niri bi arloak ondo bereiztea gustatzen zait. Alegia, nire sare sozialetan nire lasterketen gaineko kontuak sareratzen ditut, eta lan kontuak bereizi egiten ditut.
Bide batez, eta amaitzeko. Zer moduz Hawaii?
Lasterketa osteko egunak aprobetxatu ditugu turismo apur bat egiteko, aurreko asteak lasterketa prestatzeko baliatu ditudalako. Ibilbidea aztertu, entrenamendu gogor batzuk egin, errekuperatu... Aurretik pare bat ondartza ikusi genituen, baina askoz gehiago ez. Hawaii-n irla mordoa daude, eta burura area zuriko eta ur gardeneko hondartzak etortzen zaizkigu, baina gure irlan ez dugu halakorik izan [Barre]. Irla erdik itxura bolkanikoa du, eta beste erdi oihana da. Baina polita iruditu zait, bai, kuriosoa.