'300 haritz' dokumentala, Donostia Zinemalditik Arantzazura

Eki Letona Erretolatza

'300 haritz' filmeko une bat. Argazkia: '300 haritz'.

Donostia Zinemaldiko Zinemira sailean aurkeztu ondoren, Arantzazun emango dute filma, datorren astelehenean, urriaren 19an. Emanaldiak, gainera, esanahi berezia izango du, filma grabatu zuten lekura itzuliko baita. 

300 haritz dokumentalak emanaldi berezia izango du Arantzazun. 18:00etan hasita, Gandiaga Topaguneko Oteiza Aretoan ikusi ahal izango da ikus-entzunezkoa. Emanaldiaren ostean, bertaratutakoek solasaldi informal baterako aukera izango dute, koktel txiki baten bueltan.

Euskal gastronomia, identitatea eta lurraldea

Mantala Basque Gastronomyk bultzatu du proiektua, Basque Culinary Centerren euskal gastronomia sustatzeko ekimenak, eta Mugak ekoitzi du. Dokumentala egiteko, Mahaia Kolektiboko 23 sukaldari eta hainbat artista elkartu zituzten Arantzazun, euskal gastronomiaren, identitatearen eta lurraldearen inguruan hausnartzeko.

Nagusiki euskaraz grabatutako lanak galdera bat planteatzen du: "nola egin aurrera jatorriarekiko lotura galdu gabe?" Horretarako, sukaldaritza, produktua, paisaia, kultura eta memoria lotzen ditu, euskal gastronomiari buruzko begirada kolektibo eta garaikidea eskaintzeko.

Izenaren esanahi berezia

Dokumentalaren 300 Haritz izenburuak ere badu bere esanahia. Lehen baserriak eraikitzeko 300 haritz behar izaten zituztela dioen irudi sinbolikotik abiatzen da lana. Basoak agortzean, harriak egurraren lekua hartu zuen, eta horrek erakusten du nortasuna ere eraldatu egiten dela denboran iraun ahal izateko. Ideia horren bidez, pertenentziari, memoriari eta etorkizunari buruzko gogoeta egiten du filmak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak