Bi urteren ostean, Arantzazura itzuliko dira Euskal Herriko mito eta ipuin zaharrak, Arantzazu parketxeak eta Jentilbaratza Kultur Elkarteak elkarlanean antolatutako saio bati esker. Gandiaga Topagunean izango da, zapatuan, 11:30ean.
Euskal mitologiako hainbat elezahar, mito, kondaira zein ipuin kontatuko ditu Marimunduko kontalariak. Maitane Aizpurua ataundarra da, Jentilbaratza Kultur Elkarteko kidea, baina ez da bakarrik etorriko, azaldu dutenez. "Aukera paregabea da Jose Migel Barandiaranek jasotako kondaira mitologikoak ezagutu eta giro goxo eta magiko batean momentu ezin hobea familian igarotzeko, gaineratu dute antolatzaileek.
Aurrez erreserba egitea nahitaezkoa izango da, Gipuzkoanatura.eus webgunearen bitartez. Prezioa 6 eurokoa izango da pertsona bakoitzeko.
Mitologia Euskal Herrian zabaltzen
Mitologia, adierazi dutenez, ipuin edo kontu fantastiko sorta ez ezik, errealitatea esplikatzen duten argibideen multzoa da. "Bizimodua arautzeko balio ez duenean baizik ez da bilakatzen mitologia kontu edo ipuin fantastiko bilduma, baina, orduan ere, ematen duen informazioa aintzat hartzeko modukoa da. Izan ere, beste azalpenik ezean, gertakari naturalei aurre egiteko nahiz euren buruak lasaitzeko, mitoak herritarrei ingurunea ulertzen lagundu dien lanabesa izan dira mendeetan zehar", nabarmendu dute.
Ataunen Jose Migel Barandiaranek lan handia egin zuen mitologiaren transmisio soka eten ez zedin. "Zehazki, ahozko tradizioa paperean bilduz altxorra utzi zion herriari". Horri esker, hainbat txoko eta istorio mitologiko ezagutarazten ditu urtero Jentilbaratza Kultur Elkarteak.