Zortzi ordu, lau minutu eta lau segundo. Hori da Mikel Ugartek munduko ironnman txapelketan egindako denbora. Igeriketako 3,8 kilometroko zatia egiteko 50 minutu eta 41 segundo behar izan ditu; bizikletan 180 kilometro egiteko, 4 ordu, 22 minutu eta 31 segundo; eta korrikako maratoia osatzeko, azkenik, 2 ordu, 50 minutu eta 52 segundo.
Proba bukatu berritan egindako adierazpenetan, azaldu du "asko" kostako zaiola lortutakoa asimilatzea. "Bai niri eta baita nire alboan egon diren guztiei ere. Oso harro gaude elkarrekin lortu dugunarekin", nabarmendu du. "Nire ametsik onenetan ere ez nuke pentsatu ere egingo lortu dudana lortzea".
Oso pozik dagoela aitortu du. "Egun gogorra izan da. Bizikletako zatiaren erdi ingurura arte, ez ditut sentsazio onak eduki; baina ordutik aurrera, lehiakide batzuk harrapatzen hasi naiz, lasterketan sartzen eta nahiko osorik hasi dut korrikako zatia", adierazi du.
Atzetik aurrerako bidea
Ordutik aurrera, bere erritmoa ezarri eta hori mantentzea izan da helburua. "Izan ere, esaten ari zitzaidan aurrean jendea indarra galtzen ari zela. Nire baitan, pentsatzen nuen anoa-postu bakoitzera heldu aurretik indar barik geratuko nintzela, baina esango nuke ondo kudeatu dudala hori. Ahalik eta gehien hidratatzen eta freskatzen saiatu naiz uneoro".
Hala, bizikletako zatian 30. postuaren bueltan joatetik, apurka-apurka, aurrerantz egin du oñatiarrak. "25. postuan nengoela, sinetsi ere ez nuen egiten eta 20. postura iristean, aurreikusitakoa baino askoz gehiago egiten ari nintzen ordurako; 15. postuan kokatu naizenean, pentsatu dut momenturen batean oinez hasi beharko nuela eta lasterketak ihes egingo zidala. Baina ez. Hamahirugarren postuan helmugaratu naiz eta Cameron Wurfekin esprintean, gainera, hamabigarren postuaren lehian", zehaztu du.
Atseden hartzeko unea
Orain atseden hartzeko unea dela dio, eta "hobetu beharreko horietan ere arreta jarri beharko dut, beti baitago zer hobetu". Hawaiitik "pozik eta harro" doa. "Ez dakit sekula itzuliko naizen ere. Oso garesti baitago sailkapena. Edozelan ere, esan dezaket nire debutean hamahirugarren sailkatu naizela. Egia esan, sinestezina izan da".
