Jon Odriozola: "Lehen urteak zailak izan ohi diren arren, pozik egoteko arrazoi asko ditugu"

Eneko Azurmendi Barrena

Jon Odriozola, Urretxun. (Argazkia: Smartlog Nest).

Smartlog Nest taldeko manager nagusiak lehen denboraldiaren balantzea egin eta kirol errendimendua, prestakuntza eta garapen profesionala uztartzen dituen proiektuaren aurrerapen nagusiak errepasatu ditu.

Smartlog Nest taldearen lehen denboraldiaren eta proiektuaren bilakaera aztertu ditu Jon Odriozolak (Oñati, 1970).  Aitortu du lehen urteak beti izan ohi direla zailak, baina helburuak betetzat ditu. "Pozik egoteko arrazoi asko ditugu. Prestakuntza zein kirol arloan, maila ona eman dugu. Lehen urte hau positiboa izan da. Pixkanaka gure proiektuari forma ematen joan gara, etorkizunera begira oinarri sendo bat eraikiz", azaldu du.

Prestakuntza eta etorkizun profesionala dira proiektuaren ardatzetako bi, eta bide horretan "aurrerapauso positiboak" eman ditu taldeak lehen urtean. "Zaila da, izan ere, hezkuntza-arloan lagundu ahal izateko unibertsitateekin eta ikastetxeekin harremanetan egon behar dugu. Enrique Alonso eta biok Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin ari gara lanean. Aurrerago, Gazteria eta Kirol Sailarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin ere bilduko gara, zer egin nahi dugun eta nola egin nahi dugun azaldu diezaieten, eta elkarlanean aritu gaitezen ahalik eta modurik onenean egiteko", azaldu du Odriozolak.

Halaber, enpresan hilero egiten dituzten saioak nabarmendu ditu. "Oso garrantzitsuak dira dinamika horiek. Taldea eta enpresa elkartu egiten gara, eta, horrela, Smartlogen dituzten balioak ezagutzen ditugu. Balio horiek aplikagarriak dira bai lan-munduan, bai kirolean. Orain arte, besteak beste, lidergoa, talde-lana eta erresilientzia landu ditugu".

Hazten jarraitzeko nahia

Bigarren urtean, eskakizuna "handiagoa" izango da arlo guztietan. "Txirrindulariei prestakuntzan laguntza handiagoa eskainiko diegu, lanerako aukerak aztertu eta sortuko ditugu, eta gu geu ere zorrotzagoak izango gara kirol-mailari dagokionez", dio oñatiarrak. "Pixkanaka, urtez urte, arlo guztietan aurrera egin eta hobetu behar dugu, eta uste dut etorkizunera begira sustrai sendoak jarri ditugula".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak