Hawaiin da Mikel Ugarte, eta Ironman distantziako 55 onenekin lehiatuko da

Julen Murua Mesonero

Mikel Ugarte, triatloi bateko korrikako zatian.

Hawaiiko "beroari eta hezetasunari" aurre egitea erronka izango da harentzat.

Aste pare bat daramatza Mikel Ugarte (Oñati, 1993) triatletak Hawaiin, urriaren 10ean ironmaneko profesionalen modalitateko lasterketa entzutetsuenetakoa jokatuko duelako: Konako ironmana. Apirilaren 18an Hegoafrikako ironmanean pro mailan laugarren sailkatuta (7.59.00) lortu zuen oñatiarrak Hawaiirako txartela, eta orain, "ironman distantziako 55 kirolari onenekin" egongo da irteera-puntuan.

Prestakuntza berezia

Hawaiira joatea ametsa izatera iritsi gabe, "errealitate" bilakatu zela adierazi zion Ugartek GOIENAri Konarako (Hawaii) txartela lortu berritan. Bada, dagoeneko han da; hain zuzen ere, "lasterketa baino hogei egun lehenago" joan zen Hawaiira: "Klimara ohitzeko, inoiz ez baitut bizi izan horrelako bero eta hezetasun maila handirik". Lasterketa bakoitzak ezaugarri bereziak izaten ditu, eta, hortaz, prestakuntzako entrenamenduen planteamenduetan "beti" aldatzen du zerbait Ugartek. Hawaiiko ironmanera begira, "beroari aurre egiteko entrenamenduak eta lehenengo kilometroak oso gogorrak izaten direnez, hori bera lantzeko entrenamendu zehatzak" egin behar izan ditu. "Oso ondo entrenatu naiz azkenengo hilabete hauetan, gogo handiz eta inongo arazorik izan gabe. Sasoi oso onean nago, eta lasterketa oso ona egiteko gogotsu", adierazi du.

Nahiko lasterketa "bakartia" da Konakoa, "haize askokoa eta errepide luze eta zabaletatik igarotzen dena". Hortaz, hango egoerara egokitzeko "entrenamendu gogor batzuk egitea" ezinbestekoa izan da oñatiarrarentzat; izan ere, "burua ondo" izan beharko du "momentu gogorretan aurrera jarraitzeko". 

Borrokarako prest

Ugartek badaki "maila bat edo bi gorago" dauden hainbat kirolarik hartuko dutela parte ironmanean, eta modalitate horretako "munduko 55 kirolari onenak egotea ezaugarri garrantzitsu bat" dela dio. Baina horrek ez du oñatiarra kikiltzen: "Parte hartzaile guztiok oso maila handia izango dugu, eta egun horretan %120ra egongo gara. Helburu bat jartzea oso zaila da, eta hemen egotea nahiko meritu dela esatea izango litzateke erantzun errazena, baina borrokarako prest eta postu bakoitzarengatik dena ematera" irtengo dela adierazi du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak