'Oñatiko altxorrak' ikusiko dira Udalaren datorren urteko egutegian

Oihana Elorza Gorostiza

Antixena parkean dagoen putzua.

Beste urtebetez, lehiaketa bidez osatuko du Udalak datorren urteko udal egutegia. Oñatiko altxorrak da aukeratutako gaia, lehiaketa bidez aukeratuko dituzte argazkiak. Hilak 19 da argazkiak aurkezteko azken eguna.

Herritarren gustuko txokoak ez ezik, uneak, bizipenak eta ikuspegiak ere jaso gura ditu Udalak. Izan ere, altxor kontzeptua oso pertsonala eta subjektiboa da, eta postal-irudietatik harago doazen argazkiak jaso nahi ditu 2027ko udal egutegian ager daitezen: herriko ikuspegi originalak, oharkabean pasatzen diren xehetasunak, eguneroko uneak, pertsona bereziak, urtaroen aldaketak eta ezkutuan dauden txokoak, esate baterako.

Hamabi argazki

Lehiaketara aurkeztuko diren argazkiek Oñatin ateratakoak izan behar dute, eta Oñatin erroldatutako edonork parte hartu ahal izango du, adin-mugarik gabe; bakoitzak, gehienez, hiru argazki aurkeztu ahal izango ditu. Aurkeztutako argazkien artean hamabi aukeratuko ditu epaimahaiak. Lanak posta elektronikoz –egutegia2027@onati.eus– edo udaletxeko HAZ bulegora joanda entregatu daitezke. Horretarako azken eguna urriaren 19a da. Egutegian agertzeko aukeratzen diren argazkien egile bakoitzak 80 euroko saria jasoko du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak