Mikel Garcia da EAJko zinegotzi berria

Oihana Elorza Gorostiza

Mikel Garcia Urtaza osoko bilkuren aretoan atzoko osoko bilkuran.

Amaia Erostarbek uztailean utzi zuen eserlekua beteko du Garciak. Taldea berritzean ardurak ere aldatu dituzte; aurrerantzean Xabier Mugarza izango da talde jeltzalearen udal bozeramailea eta Itziar Alonsok alderdiaren komunikazio politikoaren ardura hartuko du.

Mikel Garcia Urtaza da EAJren udal taldeko zinegotzi berria; atzo, eguena, egindako osoko bilkuran egin zion zin karguari. Garciak Amaia Erostarbek utzitako eserlekua hartu du, hark uztailean dimisioa eman ostean: "Mundu hau ez dut ezagutzen. Poliki-poliki ikasten joango naiz, aurrera eta ekarpenak eginez". Garciak "gogotsu" dagoela gaineratu du: "Udal jarduna ezagutzeko aukera izan dut eta uste dut interesgarria izango dela".

Udal taldea berrituta, udal laneko ardurak berrantolatu ditu EAJk, batzordeetako ardurak egungo kideen artean banatuz. Gainera, aurrerantzean Xabier Mugarza izango da talde jeltzalearen udal bozeramailea eta Itziar Alonsok alderdiaren komunikazio politikoaren ardura hartuko du. Horrela, "taldearen udal jarduera, proposamenak eta Udalean egindako lana herritarrei modu argi eta hurbilean helarazteko lana indartuko da". Aldaketa hauek eginagatik, alderdiaren helburua berdina izaten jarraitzen duela esan du talde jeltzaleak: "oñatiarren ahotsa entzutea, proposamenak egitea eta herritarren egunerokoa hobetzeko lanean jarraitzea".

Gai pertsonalei buruzko bi galdera Mugarzak

Galde erreguetako puntura iristean, Xabier Mugarzak berari pertsonalki lotutako gaien inguruko bi galdera luzatu zizkion Udal Gobernuari. Batetik, eskatu zuen Udal Gobernuaren iritzia Goienak artikulu bat erretiratzeari buruzkoa, gaineratuz Udalak ematen duen diruarekin mantentzen den medio baten jokaera izan dela hori, "Udalek badutela zer esan horretan" uste du berak: "Kasu honetan neu izan naiz afektatua, publikatu zidaten artikulu bat eta borratu egin dute sareetatik. Pleno honetan askotan hitz egin dugu adierazpen askatasunaren inguruan eta horren inguruan Udal Gobernuak duen iritzia jakin gurako nuke". Izaro Elorzak erantzun zion adierazpen askatasunaren alde daudela beti ere inor ez denean kaltetzen esaten den horrekin eta gaineratu zuen Goienak berak duela politika eta berak erabaki behar duela "zer den publikatzeko modukoa eta zer den kolektibo baten kontra egiten den idatzi bat. Uste dut Udal moduan guk ere badugula politika bat kolektibo horiek babestekoa, hartu ditugun  ditugun erabaki guztietan adostasunean". Mugarzak erantzun zion ez zela kolektibo baten kontrako artikulua, eta ez doala inongo eskubideren kontra.

Diru publikoaren aipamenari erantzun gura izan zion Iker Oñate zinegotziak ere: "Ematen den diru hori ez da kontrolerako. Goiena bere garaian sortu zen bailaran bertako Udalek euskara bultzatzeko eta tokiko informazioa egiteko, horrek ez du esan gura kontrolerako denik. Goienak bere mekanismoak ditu, dirua ematen zaio baina ez du jarraipenik. Dirua diru laguntza da euskara, tokiko informazioa, adierazpen askatasuna eta gardentasuna bultzatzeko beti euskaratik. Hori da Goiena babestearen logika, beti ere kontutan hartuta hor kazetariak daudela kazetaritza ikastitakoak, linea editorial bat duela eta baita batzorde bat horrelako erabaki bat hartzeko." Ados agertu da Mugarza horrekin, nahiz eta zalantzan jarri "beti postura iguala izan Goienak egiten duenaren arabera".

Bigarren galdera gai berdinari lotutakoa bere aurka kalean agertu diren kartelen ingurukoa izan zen, ea Udal Gobernuak zer egin duen horiek ikusita: "Bost bat aldiz kendu nituen uztailean eta duela aste pare bat beste hau; Mugarza cabron agertzen da idatzita". Alkateak erantzun zion horien berri izan duen bezain pronto agindu duela horiek kentzeko; "horrelako kartelak sobran daudela esan dugu beti".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak