Olakua auzoa Olakoa deituko da aurrerantzean

Oihana Elorza Gorostiza

Olakoa auzoa.

Eustat-etik etorri da aldatzeko eskaera, arrazoi teknikoak eta linguistikoak emanda. Adituek aztertu dute eta iraileko osoko bilkurara ekarri dute gaia, aldaketa onartzeko. Aho batez onartu du udalbatzak.

Eustat-etik etorri da Olakua auzoaren izena aurrerantzean Olakoa izateko eskaera. Izaro Elorza Arregi alkateak azaldu duenez, "arrazoi teknikoak eta linguistikoak daude" eskaera horren atzean: "Azkenean Euskaltzaindiaren irizpideetan ez ezik, toponimia normalizatzeko arautegian ere oinarritu da eskaera. Adituek aztertu dute gaia eta ikusi da U horri O batengatik ordezkatzea dagokiola". Udalbatzak aho batez onartu du aldaketa egitea eta horrela jakinaraziko dio Udalak Eustat-i. "Udaleko barne erregistroetan ere izen horrek aldaketak izango ditu eta eskutitzetan eta idatzizko agirietan Olakoa agertuko da", gehitu du Elorzak.

Adituei egindako kontsultekin osatutako txostenak jasotzen du dokumentazio historikoek zein adituen azterketek aho batez berresten dutela toponimoaren jatorrizko erroa "Olako" dela; horren adibide bat da Lazarraga familiarena zen Erdi Aroko dorretxea zen Olako dorrea. Udal-artxiboko errolda-liburuetan ikusi dute, bestalde, "Olakua" forma 1960tik 1970era bitartean gertatu zela. Udalaren webgunerako mapa interaktiboa osatzeko 2024an burututako lanean, toponimoak modu arautuaren arabera idazteko irizpideari jarraikiz, “Olakoa" idaztea erabaki zen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak