Aimar Erostarbe: "Amateur mailari oso gutxi begiratzen diote profesional mailako taldeek"

Mireia Bikuña Madrid

Aimar Erostarbe. SMARTLOG NEST

Aimar Erostarbek (Oñati, 2003) sare sozialen bidez zabaldu du ziklismoa utziko duela denboraldia bukatzearekin batera. Hamabi urte egin ditu errepidean; azken bostak, amateur mailan

Smartlog Nest taldean urtebete egin ostean, sorpresa izan da zure erabakia. Zergatik orain?

Hasteko, esan behar dut oso gustura egon naizela Smartlog Nest taldean. Gozatu eta ikasi egin dut. Baina urte asko daramat mundu honetan, eta amateur mailara heltzen zarenean, gogor entrenatu arren, gorago heltzeko aukerak oso txikiak direla ikusten duzu. Norbere bidea amateur mailan bukatzen den sentsazioa izaten duzu, eta gerora, hori erakusten du errealitateak.

"Txikitako amets hori betetzea lortu ez arren", idatzi duzu Instagramen. Azken pauso hori eman ezin izana da bete bako ametsa?

Edozein kiroletan hasten zarenean, ahalik eta goren heltzea da ametsa. Nik maila guztiak ezagutu ditut, eta, kontziente izanda oso zaila dela, profesional mailara heltzea nuen amets. Baina, egun txirrindularitzak bizi duen egoera eta dinamika ikusita, ez zuen merezi egoera luzatzea.

Desilusionatuta sumatzen zaitut.

Ez dakit desilusioa den edo, batez ere, egoeraz jabetzea. Profesional mailako taldeek oso gutxi begiratzen diote amateur mailari. Lehen, hori zen gora igo ahal izateko azken urratsa; baina egun, gazte mailako ziklistak igotzen dituzte gora. Remco Evenepoel gazte mailatik igo zen profesionaletara; eta, haren antzera, beste batzuk. Hortaz, amateur kategoriak lehen zuen indarra galdu egin du.

Smartlog Nest moduko proiektuak sortzen dira, baina beste batzuk desagertu edo arriskuan daude. Horrek ere ez du laguntzen, ezta?

Ez. Jira Birak esan du taldea desagertu egingo dela, eta Kern Pharmak ere ez du jarraituko; izen horrekin ez, behintzat. Babesletzak topatzea oso zaila da, eta egoera, oro har, txarra da.

"Zaila da gora
heltzea, eta ez du
merezi ziklista
ibilbidea gehiago
luzatzea"

Errepidea utzi arren, ziklismoari lotuta jarraitzeko asmotan zaude?

Taldeak behar duenean laguntza ematera joango naiz; baina besterik ez. Ostean, bizikletarekin gozatzen jarraituko dut. Beste lasaitasun batekin irtengo naiz errepidera. Badauzkat buruan erronka batzuk; adibidez, gravel bizikletarekin probaren bat egin gurako nuke.

Aita eta arreba prest egongo dira zurekin irteteko.

Bai, hala da. Ziklista izan naizen bitartean ere elkarrekin ibili gara. Garazi arreba ziklista zenean ere kilometro dezente egin ditugu. Etxean egin dugu berba, eta kontziente gara ziklismo barik gure egunerokotasuna asko aldatuko dela. Ez nirea bakarrik. Izan ere, gurasoak eta arreba lasterketa ia guztietara joan izan dira, horrek dakarren guztiarekin. Aurrerantzean, lasaiago ibiliko gara denok. 

Ziklista izan zaren hamabi urteetan, zer eman eta zer kendu dizu ziklismoak?

Txirrindularitzak eman dit jende asko eta jende ona. Amateur mailara heldu aurreko urteak oso onak izan ziren, garaipen batzuekin. Helmugan garaile sartzen zarenean sentitzen duzuna deskribaezina da. Gainera, Aloña Mendiren hasierako urteetan izandako entrenatzaile berberekin egin dut topo azken denboraldi honetan. Hortaz, ziklismoak asko eman dit; baina kendu ere bai: lagunekin egoteko denbora, aisialdia, lasaitasuna... Diziplina eta zorroztasun betean bizi izatea nekeza da.

Gurasoak eta arreba aipatu ditugu aurretik. Zein leku izan dute etxekoek ziklista izan zaren artean?

Ezinbesteko zutabe izan dira. Babestuta sentitu naiz, beti. Hartu ditudan erabakiekin ados egon dira. Eskerrak eman behar dizkiet, besterik ez.

Asteburuetan aspertu egingo zara aurrerantzean?

Ez dut uste. Herriko jaiak datoz orain, eta disfrutatzea tokatzen da. Gero, topatuko dut zer egin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak