Maila berreskuratu osteko lehen partidua du Aloñak domekan, etxean

Oihana Elorza Gorostiza

Ohorezko Erregional Mailako futbol taldea, Azkoagainen, martitzeneko entrenamenduan.

Aurreko denboraldiko talde bera da, ahalik eta ondoen lan egiteko gogoz. Hirugarren mailatik jaitsi den Zarautzen kontra jokatuko dute domekan, Azkoaginen, 16:30ean.

Joan den denboraldian mailaz igotzea lortu ondoren, Ohorezko Erregional Mailan jokatuko du berriz ere Aloña Mendiko futbol saileko talde gorenak. Berreskuratu duen mailan, denboraldi berriko etxeko lehen partidua du domekan Azkoagainen, 16:30ean.

Iazko talde bera aurten

Azken denboraldiko talde tekniko bera izango da aurtengoa: Unai Garai da entrenatzailea, Julen Murua bigarren entrenatzailea, Joseba Anduaga prestatzailea, Roberto Hernandez ate- zainen entrenatzailea eta fisioterapeutak, elkartekoak, Jokin Moreno eta Unax Aranburu. Jokalarien artean ere ez dago aldaketa handirik: Andoni Altubek eta Jon Legazpiak utzi egin dute taldea.

Denboraldiaurreak Garai entrenatzaileari balio izan dio jokalarien animoak neurtzeko, eta ilusio eta gogo handiarekin daudela sumatu du. "Berriek eta lehengoek elkar hobeto ezagutzeko balio izan digu denboraldiaurreak. Badakigu aurten zailagoa izango dela kanpoko zelaietan puntuak lortzea –jokatutako lagunarteetan, lautik hiru kanpoan izan dira– eta, hain zuzen, hainbat zelai ikusteko aukera izan dugu, nola moldatzen ginen ikusteko. Uste dut lortu dugula identifikatzea zer egiten dugun ondo eta hori nola indartu ikustea, eta, kontrara, zer kostatzen zaigun gehia- go eta hori nola hobetu jabetzea. Aberasgarria izan da denboraldiaurrea. Jendea gogotsu ikusi dut, lehiakorrak izateko gogoz. Uste dut jarrera eta motibazio aldetik oso fuerte dagoela taldea, eta horrek asko emango digu".

Kategoria gogorragoa

Kategoriari buruz galdetuta, kategoria gogorra dela eta ahalik eta azkarren ohitu beharko dutela uste du Garaik: "Preferentetik Ohorezko Erregional Mailara diferentzia handia dago, bai partiduaren erritmoan bai aurkarien mailan. Hemen, partiduan hamar minutu txar izatea zigortu egiten dizute, 90 minututan egon behar duzu partiduan sartuta, partidu osoa zaindu behar da. Argi gelditu da hori lehen jardunaldian, Azkoitiko Txerloia zelaian –4-1 galdu zuten–, eta hori lantzen ere saiatuko gara. Jokalariak kontziente dira kategoria gogorra dela, erritmo altuetan jokatzen dela eta aurkariak ez duela barkatzen. Kontrara, guk ere jakin behar dugu gure aukerak aprobetxatzen eta ez barkatzen".

Puntuak, azkar eta asko

Denboraldia hasi berri den honetan, sailkapenari buruzko helbururik ez dutela jarri ere esan du Unai Garai entrenatzaileak. "Joan den denboraldian moduan, astetik astera entrenamenduetan ahalik eta ondoen lan egitea da helburua, eta asteburuetan puntuak ahalik eta azkarren eta gehien lortzea. Ea denboraldiak non jartzen gaituen, baina horixe da orain dugun helburua. Gu prest gaude lehiatzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak