Zapatuan Donibane Lohizunen egin zen triatloian hartu zuten, taldean, Nagore Uribarrik, Olatz Korkostegik eta Lorea Navarrok. Aloña Mendin federatuta egonda, Aloña Mendi izenarekin hartu zuten parte, erreleboko modalitatean. "Aukera zegoen triatloia bakarrik egiteko edo taldean. Taldeak mistoak, mutilenak edo neskenak izan ahal ziren, eta guk nesken kategorian eman genuen izena. Aurreneko aldiz hartu dugu parte horrelako lasterketa batean eta modu honetan, eta ezberdina izan da, bai", dio Uribarrik.

Izan ere, erreleboen kategorian hartu dute parte oñatiarrek: Lorea Navarrok igerian egin zuen hango itsasoan –1.500 metro–, Olatz Korkostegik hartu zion gero erreleboak Lapurdiko herrietan barna ibiltzeko –50 kilometro– eta horrek Nagore Uribarriri eman zion azkenean txanda, korrika egin beharreko azken zatia egiteko –10 kilometro–. "Zain egote horrek urduri jarri ninduen. Luze egin zitzaidan Olatz etorri arte, eta Loreari ere bai, aldi berean, nik proba bukatu arte. Ezberdina izan da esperientzia, baina polita, gozatu dugu eta ziur izango direla antzerako gehiago ere aurrerantzean".
Aloña Mendin utziko dute lortutako garaikurra.
