Novalek eta Tapizek "asko estutu" dute lasterketan, irabazleak azaldu duenez. Azken kilometroak, baina, bakarrik egin ditu eta 2:24:06 denboran zeharkatu du helmuga. Asturiarrak adierazi du "pozik" dagoela lasterketa irabazi izanagatik eta egindako lanagatik. Bestalde, Tapizek onartu du azkenengo igoeran Novalen gurpila jarraitzen saiatu dela, baina ezin izan duela "haren erritmoa jarraitu".
Galdos txapeldun
Lasterketa irabazi ez, baina podiumean pozarren agertu dena BBK Euskadi taldeko Aimar Galdos izan da. Izan ere, hirugarren helmugaratu bada ere, Lehendakari Txapelketako garaikurra lortu du. "Gaurkoa gogorra izan da, baina atzetik izan ditudan kuadrillakoek eta familiako kideek arindu egin dute guztia", adierazi du.