Kea ikusten da berriro Larraña inguruan eta suhiltzaileek berriz freskatuko dute ingurua

Julen Murua Mesonero

Txabola batek su hartu zuen atzo Oñatiko Larraña auzo inguruan. Sutea inguruko zelaian eta piñudi azpiko begetazioan zabaldu zen. Larrialdi-zerbitzuek 20:30ak aldera jo zuten itzalitzat, baina gaur goizean bizilagun baten abisua jaso dute esanez kea ikusten dela berriro, eta ingurua freskatzeko baliabideak bidaltzea aurreikusi dute suhiltzaileek.

Gipuzkoako suhiltzailetako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendi Zerbitzuetako ordezkariek 18:00ak aldera jaso zuten sutearen abisua. Iturri horiek adierazten dutenez, txabola batek su hartu zuen eta sua inguruko zelaian eta piñudi azpiko begetazioan zabaldu zen. Suhiltzaileen hiru kamioi eta Mendi Zerbitzuen bi erreten, uraska bat eta bina teknikari eta basozain joan ziren sutearen lekura.

Larrialdi-zerbitzuek 20:30ak aldera jo zuten sua itzalitzat, baina gaur goizean bizilagun baten abisua jaso dute esanez kea ikusten zela berriro, eta ingurua freskatzeko baliabideak bidaltzea aurreikusi dute suhiltzaileek.

Sutearen azaleraren inguruko berririk ez dute oraindik.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak