Artxiboko langileekin elkarlanean egingo du kontzertu pedagogikoa azaroan Ganbarak

Oihana Elorza Gorostiza

Arantzazu Murua, Aitor Bian eta Nerea Parra gaurko aurkezpenean, Errekaldeko lokalean.

Ikasturte berriaren aurkezpena egin du Ganbara Faktoriak eta aurten ere herriko eragile batekin elkarlanean prestatuko du kontzertu bat. XII. mendean zer kantatzen zuten erakutsiko duten saio pedagogikoa izango da. 

Piztu ahotsa lelopean aurkeztu du gaur Ganbara Faktoriak hilaren 21ean hasiko duen ikasturte berria. Aitor Biain zuzendaria, Hots abesbatzako Arantzazu Murua eta kantu eskolako Nerea Parra izan dira aurkezpenean.

Ikasturte berrirako "gogotsu" daudela esan du Biainek, "ilusioarekin", eta faktoriako talde bakoitzaren asmoan azaldu ditu. "Aurten ere herriko eragile batekin egin ohi dugun elkarlanari eutsiko diogu. Artxibo historikoko lagunak izango dira oraingoan. Euren laguntzarekin, XII. mendean nola eta zer kantatzen zen ikusiko dugu, garai hartako monodia musika ezagutuz. Artxiboan kontserbatzen direnak ikusiko ditugu, Ganbarako kideek abestu egingo dute eta neuk azalpenak emango ditut; saio pedagogikoa izango da, polita", azaldu du Biainek, azaroan izango dela aurreratuz. Bestalde, Aequus Ensemble orkestrak lehenengo Sokaz soka egitasmoa ere antolatuko duela iragarri du, azaroan hori ere: "Euskal Herriko musika eskoletatik gonbidapena luzatuko zaie orkestrei eta musikariei. Lau abesti landuko dituzte goizean, eta arratsaldean emanaldia egongo da non kontzertu horretan joko dituzten lau pieza horiek". Hots abesbatzari dagokionez, faktoria sozialeko gaia bakardadea izango dela azaldu du Muruak. Baita hil honen amaieran Torreviejan egingo den jaialdi edo topaketa batera joango direla ere.

Ohiko hitzorduak mantenduko dituzte

Talde bakoitzak du bere plangintza propioa zehaztuta ikasturte berrirako eta hor dituzte jasota, nola ez, urteroko hitzorduak ere, hala nola Gabonetako Hator Hator kontzertua, bazkideendako emanaldia, emakumeen nazioarteko egunaren harira egiten duten ekitaldia edo ipuin musikatuak. Nazioarteko lehiaketetan ere hartuko dute parte; Ganbarak Varnakoan –joan den urtean Hotsek hartu zuen parte han; aurten oraindik ez du zehaztu–.

Kezka eta ardura ere bai

Ikasturtea hasteko indartsu dauden arren, "kezka eta ardura" ere badutela adierazi du Aitor Biainek gaurko aurkezpenean. Kezka eta ardura kantu eskolako ikasle kopurua jaisten doalako. "Ikastetxeak kantari egitasmoa sasoitsu dago, Sara Txintxurreta izango da, gainera, aurtengo irakaslea. Kantu eskolan, baina, jende kopurua jaitsi egin da azken urteetan eta horri buelta eman beharrean gaude. Oñatik kantatzeari ez uztea da guk nahi duguna".

Hilaren 21ean hasiko du ikasturtea Ganbara Faktoriak eta hiru urtetik aurrerako haurretatik gora har dezakete parte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak