Mugikortasun Astea ospatuko da Oñatin bihartik, zapatua, hasita eta horren baitan ekintza ezberdinak antolatu ditu Natur Eskolak. Esaterako, datorren asteazkenean, irailak 16, oinezkoendako kale bihurtuko dute kiroldegi aurreko kalea, azoka ondoko biribilgunetik osasun zentrora bitarteko kalea. Egun horretan ibilgailuak ezingo dira kale horretatik pasa, oinezkoendako izango da bakarrik. Ibilgailuak ahalik eta gutxien erabiltzea eta horren ordez hara eta hona joateko garraio publikoa hartzeko gonbidapena ere egingo dute Mugikortasunaren Astean. Hala, herri barruan, Herribusa erabiltzeko dei egingo dute. Horri lotuta, Herribuseko bidaiak doan izango dira irailaren 16tik 22ra bitartean. Hain zuzen ere, 22ra arte luzatuko da Mugikortasun Astea.
Tailerra zapatuan
Natur Eskolan Bestalde, biharko, hilak 12, tailerra dute antolatuta Natur Eskolan. Mendian inklusioa bultzatzeko tailer teroriko-praktikoa egingo dute 09:30etik 13:00etara. Ibilki Getxo mendi taldearen esperientzia jasotzen duen Montaña, Inclusión Radical izeneko liburua esku artean dutela egingo dute tailerra. Irekia da, herritar guztiendako.