Ordu erdiro egongo dira autobusak bihar Arantzazutik joan-etorria egiteko

Oihana Elorza Gorostiza

Meza nagusia joan den urteko Arantzazuko Amaren egunean.

Bihar, irailak 9, Arantzazuko Amaren eguna da eta ordu erdiro egongo da autobusa Oñatitik Arantzazurako joan etorria egiteko. Meza nagusia 12:00etan da. Udal zerbitzu gehienak itxita egongo dira.

Arantzazuko Amaren eguna da bihar, irailak 9, eta Udalak ordu erdiko autobus zerbitzua eskainiko du Oñatitik Arantzazurako joan etorria egiteko. Lehen autobusa 07:30ean aterako da Oñatitik –ohiko geltokietan geldituko da– eta Arantzazutik azkena, 19:30ean. Bidenabar, jendeari aurrez joatea eskatu gura dio Udalak, pilaketarik ez egoteko. Bestalde, oinez joateko erromesaldia ere egongo da, urtero moduan.

Eguerdian, 12:00etan emango du meza nagusia Gipuzkoako gotzainak, Fernando Pradok. Herritarrak ez ezik, erakunde ezberdinetako agintariak ere elkartuko dira bihar Arantzazun, frantziskotarrekin batera.

Udal zerbitzu gehienak, itxita

Udal zerbitzuei dagokionez, kultura etxea, gizarte zerbitzuak eta Herritarren Arreta Zerbitzua, adibidez, itxita egongo dira bihar. Kiroldegiak, berriz, igande eta jai egunetako ordutegia izango du 09:00etatik 13:30era –arratsaldean frontoia zabalik egongo da San Migel pilota txapelketako partiduak ikusteko–. Herriko lantegi askok normaltasunez egingo dute lana eta komertzioak, aldiz, itxita egongo dira. Ikastetxeetan, berriz, Elkar Hezin eta Urgainen lana egingo dute eta Txantxiku ikastolan jai izango dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak