Azkenengo bi gauetan, 23:00ak eta 01:00ak bitartean, Herriko Plaza eta Euskadi Etorbidea inguruan "herritarrak beldurtu guran" dabiltzan kaputxadunak identifikatzeko lanean dihardu Oñatiko Udaltzaingoak. Jakinarazi du "trafiko kameren irudiak eta puntu ezberdinetatik igarotzen diren ibilgailuak" aztertzen ari direla eta espero dutela "egun gutxitan egileak identifikatzeko informazio zehatza izatea". "Irudiak ikusita, uste dugu helburua ez dela neskaren bat harrapatzea, herritarrak beldurtzea baizik", gehitu du.
Herriko haur batzuen gurasoek Udaltzaingoan jarri dute salaketa; beste batzuek, berriz, Ertzaintzan. Hala, batak zein besteak duen "informazioa partekatu" eta "elkarlanean" dihardute emaitzen bila.