Mundukidek bi urteroko topaketa egiten dihardu Arantzazun

Oier Zumarraga Aranburu 2026ko irailaren 2a

Hamasei lagun elkartu dira gaur, irailak 2, eta hilaren 4ra arte izango dira bertan. Nazioarteko programen egoera aztertu eta 2027-2030 Plan Estrategikoa landuko dute.

Mundukideko taldea Arantzazun da gaurtik, irailaren 2tik, bi urtean behin egiten duten topaketan. Erakundea osatzen duten hamasei lagunak hilaren 4ra arte izango dira bertan, eguneroko jardunetik aldendu, azken urteetako lana aztertu eta datozen urteetarako norabidea lantzeko. Euskaditik Ekuadorren, Kolonbian, Brasilen eta Mozambiken garatzen dituzten programetan ari diren kideak elkartuko dira.

Lehen jardunaldian, nazioarteko programen egoera izango dute hizpide. Aipatutako herrialdeetan egiten ari diren esku-hartzeen berri emango dute arduradunek, eta hobekuntza proposamenak landuko dituzte. Erakundearen barne funtzionamenduari lotutako gaiak ere aztertuko dituzte, hala nola finantzaketa, kudeaketa ekonomikoa, antolakuntza eta adimen artifizialaren erabilera.

Plan Estrategikoa, ardatz

Topaketaren beste ardatz nagusia 2027-2030 Plan Estrategikoa izango da, ildo estrategikoak zehazteko. Boluntarioen eta patronatuko kideen parte hartzearekin, mahai-ingurua egingo dute. Komunikazioaren eta boluntariotzaren inguruan hausnartzeko tartea ere izango dute. Kooperanteen esperientzia jasoko dituzte, nazioarteko programetan egindako lanetatik ateratako ondorioak etorkizuneko plangintzan txertatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak