Iazko irakurle taldeen eskaintza mantenduko du Oñatiko udal liburutegiak

Hasier Larrea 2026ko abuztuaren 27a

Helduentzako lau irakurketa talde, Haurren Irakurketa Kluba eta Idazketa Lantegia antolatuko ditu aurtengo ikasturtean liburutegiak, baita iaz abiatutako Elkarrizketa Filosofikoak egitasmoa ere. Irailaren 1etik 12rarte izango dute oñatiarrek dinamika horietan izena emateko aukera.

Oñatiko udal liburutegiak irakurzaletasuna sustatzeko hainbat irakurketa talde antolatuko ditu aurten ere. Arduradunen esanetan, "irakurzaletasuna eta sormena sustatzeko espazioak" izateaz gain, "esperientziak partekatzeko, literatura ezagutzeko eta kulturaren inguruan elkartzeko guneak" izango dira.

Helduentzako lau talde izango dira: bi literatura talde, bata euskaraz eta bestea gaztelaniaz, genero eta estilo askotako lanak irakurtzeko; eta beste bi komiki talde, euskaraz eta gaztelaniaz.

Eskaintza osatzeko, Haurren Irakurketa Kluba ere izango da, LH5 eta LH6ko ikasleen artean irakurzaletasuna sustatzeko eta irakurketaren bidez esperientziak partekatzeko. Klub horren garrantzia azpimarratu dute antolatzaileek: "Haurrek irakurketarekin lotura positiboa garatzea ahalbidetzen dute klubek, hau da, liburuez gozatzea eta irakurtzea aisialdiko jarduera erakargarri gisa bizitzea".

Horrez gain, Idazketa Lantegia martxan izango da beste urte batez, idazteko zaletasuna duten edo sormen literarioa landu nahi duten herritarrei zuzenduta.

Iazko dinamiken ildotik

Aurreko ikasturtean bezala, talde guztiek iazko dinamizatzaile berberak izango dituzte, "parte-hartzaileei jarraipena eta lan-dinamika ezaguna eskainiz". Irakurketa taldeen kasuan, ikasturtean landuko diren irakurgaien zerrenda izena emateko epea amaitu ondoren jakinaraziko zaie parte-hartzaileei, taldeak osatu eta behin betiko antolaketa egin ondoren.

Horietan parte hartzeko, liburutegira bertaratu edota WhatsAppa idatzi beharko da 688 73 28 26 telefonora, izen-abizenak, telefono zenbakia eta helbide elektronikoa adierazita, irailaren 1ean hasi eta 12ra arte. 

Filosofia hizpide

Gainera, iaz abiatutako Elkarrizketa Filosofikoetan parte hartzeko aukera ere izango dute herritarrek. Liburutegian jakinarazi dezakete horietan parte hartzeko interesa, edota 688 73 28 26 telefonora idatzita. Hala, saioen egutegia, landuko diren gaiak eta gainerako xehetasunak jasoko dituzte, eta, horrela, antolatzen diren jardueren berri garaiz izango dute.

Elkarrizketa Filosofikoen funtsa pentsamendu kritikoa garatzea izango da, Miren Camisonek dinamizatuta: "Filosofiak mundua, geure burua eta besteekin ditugun harremanak ulertzeko tresnak eskaintzen dizkigu. Horregatik, saio hauek ez dira filosofia akademikoa irakasteko espazioak, baizik eta galdera unibertsalak partekatzeko eta elkarrekin hausnartzeko topagune irekiak. Ez da filosofiari buruzko aurretiazko ezagutzarik behar; nahikoa da jakin-mina izatea eta bizitzaren, gizartearen edo gizakiaren inguruko galderak egiteko gogoa izatea", adierazi dute liburutegiko arduradunek. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak