Beste hodi bat ari dira sartzen Urrutxuko depositutik behera

Oihana Elorza Gorostiza 2026ko uztailaren 24a

Urrutxuko ur depositua.

Balizko egoera batean herria ur barik ez gelditzea da lan horien helburua. Lan horiek aprobetxatuz, Santipillauko kurba leuntzeko lanak ere ari dira egiten.

Herriko ur hornidura sarea hobetzeko lanak ari da egiten Oñatin Gipuzkoako Urak. Hain zuzen ere, beste hoditeria sistema bat ezartzen ari da Urrutxuko depositutik behera. Orain arteko hodian matxura bat gertatuz gero, hori konpondu bitartean herria ur barik ez egotea; hori lortu gura dute proiektu horrekin. "Obra estrategikoa herriko ur azpiegituran", Obra eta Zerbitzuetako batzordeburu Xabier Igartua Loidiren ustez.

Bakarra beharrean, bi

Urkuluko ura alta izeneko hoditeria batetik doa Urrutxuko depositura. Hori apurtzen bada, 2022ko urrian Arrasaten gertatu zen bezala, deposituak bizpahiru eguneko autonomia izango luke eta tarte horretan ez litzateke urik faltako herrian. Aldiz, Urrutxuko depositutik hodi bakar baten bitartez –baja– doa ura herrira, eta, matxura han izanez gero, ur barik geldituko litzateke herria hori konpondu arte. "Garrantzitsua da depositutik herrira beste hodi bat ere jaistea, ur barik ez gelditzeko balizko egoera batean. Modu horretan, hodi bat apurtuz gero, bestetik jasoko genuke ura arazoa konpondu bitartean. Orain arteko hoditeria Ulma Handling ingurura jaisten da, hilerri azpira, eta bigarrena Zuazolako zubira jaitsiko da, Usako aldeko zubira; han, Zañartuko konduktuarekin elkartuta, eraztunean lotuko da sarea", azaldu du Igartuak.

Gipuzkoako Urak ari da lan horiek egiten. Hark egiten ditu herritarren ur kontsumoen kobrantzak, eta diru horren zati bat instalazioen berrikuntza egiteko da, Udalarekin duen hitzarmenean jasota dutenez.

 

Santipillauko bihurgunea

Lan horiek egiteko erabiliko dituzten makinak aprobetxatu dituzte, bide batez, Santipillau baserri pareko bihurgunea leuntzeko. Udalak puntu arriskutsu moduan zuen identifikatuta gune hura, goitik behera eta behetik gora doazenen arteko ikusmena ez delako ona. Hori hobetzeko, beraz, bihurgunea zuzendu gura zuen Udalak, eta hoditeria berria jartzeko lanak aprobetxatu ditu lan horiek egiteko. "Itsu-puntu hori txikiagoa izatea da lan horien helburua, bihurgunea aldatzearen helburua. Zabaltzen hasi aurretik, Oñargiko erdi-tentsioko poste bat lekuz aldatu dute", zehaztu du Igartuak.

Beraz, gaur egun, bi proiektuak ari dira egiten aldi berean: ur hoditeria berria jarri eta Santipillauko bihurgunea leundu.

Bigarren lan horiek Udalak eta Garagaltza, Zañartu eta Urrexola auzoek, erabiltzaileek, ordainduko dituzte, otsaileko osoko bilkuran aurkeztu zen lanen finantzaketarako lankidetza-hitzarmenaren arabera. 21 asterako lana Gaur egun, itxita dago errepidea Santipillau baserritik behera, eta lanak aurrera doazen heinean zabalduko dutela adierazi dute. Gipuzkoako Urak-ek Eregi Herrilan eta Zerbitzuak enpresari esleitu dio herriko ur hornidura hobetzeko egiten ari diren obra. Ekainaren hasieran hasi zituzten lanak eta 21 asteko epean bukatu behar dituzte. Lanek 264.235 euroko aurrekontu orokorra dute. Hor sartuta dago, baina, Udalak eta hiru auzoek errepideko bihurgunea zabaltzeko egin behar duten lanen prezioa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak