Eguenean, hilak 31, da San Inazio eguna, Urbiako festa eguna, eta Oñatiko Udalak indartu egin du herriko eta Arantzazu arteko autobus zerbitzua. Bi ibilgailu ibiliko dira gora eta behera egun horretan: ohiko txikia betiko ordutegian –07:30an hasita Oñatitik– eta ibilgailu handi bat –08:00etan aterata Oñatitik–. Hala, ordu erdiko aldearekin egingo dituzte joan-etorriak, autobusek.
Bigarren ibilgailu horrek egingo du azken ibilbidea Arantzazutik Oñatira; 19:30ean aterako da Arantzazutik.
Festa Urbian
Festa eguna izaten da Urbian uztailaren 31 eta Partzuergoak antolatuta du egitaraua:
- 11:30ean, meza ermitan
- Ondoren, hamaiketakoa eskainiko du Partzuergoak: parrilan erretako txistorra pintxoak, ardoa eta ura.
- Herri kirol saioa ere egongo da izango da eta musika, Marki eta Sukiaren eskutik.
Joan den urteko abuztutik dago itxita Urbiako fonda baina partzuergoak iragarri du San Inazio egunean jan-edana eta festa bermatuta daudela: Txomin Parrillak jarriko du jatekoa, Basabe garagardoek edatekoa. Bitartean, Partzuergoa hasita dago fonda berritzeko lanak egiten, udaberrian zerbitzua berriz esleitzeko.