"Betidanik" gustatu izan zaio irakurtzea eta idaztea Sara Mantxola Akizuri (Oñati, 2000), eta hainbat garaitan idatzitakoak bilduta argitaratu berri du, Maiatz argitaletxearen babesarekin, Sentimenduen metamorfosia poema-liburua. "Barne-bilaketaren eta bizitzako hainbat unetan sentitutakoaren fruitua da bilduma. Poesiaren bidez istorio bat kontatzea nuen helburu: larbaren metamorfosia –tristuratik poztasunera–. Urretxuko eta Zumarragako udalek bultzatutako Iparragirre Saria irabazi nuen eta 81. Maiatz aldizkarian argitaratu zen ondoren, eta liburuxka formatuan geroago", azaldu du Mantxolak.
Tristuratik poztasunera
Liburuxkaren gai nagusia –sentimenduaren bilakaera– adierazten du izenburuak, eta hiru ataletan banatu ditu poemak: "Tristura da nagusi lehenengo atalean; sakonak eta malenkoniatsuak dira poemak. Bigarren atalean tonua aldatzen da eta olerkietan zauriak orbaintzen hasten dira, nolabait esatearren. Eta azkenengo atalean itxaropena da gai nagusia. Liburuaren atzeko azaleko esaldiak ondo laburbiltzen du liburuxkaren nondik norakoa: Larbak tximeleta bilakatzen diren legez, tristura poztasun bihur daiteke. Bildumarekin helarazi izan nahi dudan mezu nagusia da une zailei eta etsipenari aurre egin diezaiekegula; esperantza loratu daitekeela".
Olerkiak nahiko laburrak dira, eta errimarekin jolastu nahi izan du egileak: "Olerkiek lotura estua dute elkarren artean, istorio nagusi bat osatzen baitute. Azken orrialdeko aurkibidean guztien arteko lotura adierazten da; izan ere, Larba baten metamorfosia esaldiarekin osatu dut aurkibidea, eta esaldi horretako hizki bakoitza olerki bakoitzaren izenburuaren hasiera da".
Lehengusinaren ilustrazioekin
Gaineratu du Maiatz argitaletxeko zuzendari Lucien Etxezarretak liburuxka formatuan argitaratzeko proposamena egin zionean ilustraziorik agertzea nahi zuen galdetu zionean "burura etorri zitzaion lehenengo pertsona" haren lehengusina Joane Mancisidor Akizu ilustratzailea izan zela: "Bada, proposamena egin nion eta baietz esan zidan, eta, hari esker, liburuxkako ilustrazioak ezin ederragoak dira. Ezin hobeto adierazten dute istorioaren bilakaera".
Edizio berria bidean
Ale gutxi argitaratu zituzten, eta dagoeneko agortuta daude. "Beste edizio bat aterako da eta irailean eskuragarri izatea espero dugu. Hala balitz, Oñatiko liburu dendaren batean, liburu azoketan, Durangoko Azokan Maiatz argitaletxearen standean… egongo da eskuragarri. Norbaitek interesa izanez gero, nirekin harremanetan jar daiteke. Oñatiko liburutegian ere badaude mailegatzeko pare bat ale".
"Gustura" dago emaitzarekin, eta idazten jarraitzen duela gaineratu du, oraingoz esku artean proiektu zehatzik ez badu ere.