Folk doinuak entzungo dira gaur San Lorentzon

Oihana Elorza Gorostiza 2026ko uztailaren 22a

Besaide Folk taldeko musikariak (Argazkia: Aitor Arruti)

Ermitaren aurrealdean joko du Besaide Folk taldeak, 19:00etan. Udako kultur eskaintza jasotzen duen Kalean egitarauaren barruan datorren kontzertua izango da.

Folk doinuak entzungo dira datorren eguazten iluntzean San Lorentzoko ermitaren ondoan egingo den kontzertuan. Hantxe izango da Kalean egitarauaren hurrengo kontzertua, eta aurrekoetatik ezberdinak diren doinuak eramango ditu hara Besaide Folk taldeak.

Kanta ezagunak tartean

Besaide Folk taldean hiru kide dira, bakoitza lurralde batekoa, gipuzkoarra bat, bizkaitarra bestea eta arabarra hirugarrena, eta hiru lurraldeek bat egiten duten mendiaren izena hartu dute, euren proiektuan ere bat egiten dutelako hirurek. "Taldean sortzen ditugu piezak, bai. Bakoitzak bere ekarpena egiten dio, eta, modu horretara, kantu guztiek gutako bakoitzaren zatitxo bat daukate", dio Teresa Jariño taldekideak.

Euskal Herriko folklore musikaren antzinako erritmoak, doinuak, kantuak eta koplak hartu, eta berrinterpretatu egiten dituzte. "Horregatik, kantu batzuk ezagunak egiten zaizkie entzuleei, baina saiatzen gara aspaldiko eta hain ezagunak ez diren koplak eta kantuak hartzen, gero gurera ekartzeko". Euskalduna ez ezik, beste lurralde batzuetako musika ere badela euren iturri aitortu du Jariñok: "Ekialde Hurbilekoa, adibidez, asko entzuten dugu. Edo Greziakoa. Egun, Internetekin, ez dago distantzia luzerik edo mugarik, eta erraza da toki askotako musika entzutea".

Instrumentu asko

Hiru laguneko taldea izan arren, euren emanaldietan ez dira hiru instrumentu bakarrik entzuten eta ikusten; emanaldia egiten ari diren bitartean, musikariek nola instrumentu bat utzi eta beste bat hartzen duten ikusten du publikoak, "sonoritate ezberdinak bilatu nahian", Jariñoren esanetan. "Ez dakit esaten, zehazki, zenbat instrumentu jotzen ditugun kontzertu batean, baina asko, bai. Aritz Mugartegik, esaterako, bouzoukia, arrabita, ttun ttuna, saza eta perkusioak; Gorka Bravok, zarrabetea, gaita eta panderoa; eta nik, alboka, klarinetea eta klarinete baxua. Abestu, berriz, Aritzek eta biok abesten dugu".

Lau lagun Oñatikoan

Hernanin 2023an egin zen alboka topaketan jo zituen taldeak lehen kantak jendaurrean. "Topaketa hartan bazegoen "mikro irekiaren" aukera, nahi zuenak nahi zuena jotzeko. Ausartu ginen, eta han izandako harrera onak taldea osatu eta kanta gehiago sortzera animatu gintuen". 2023an sortu zen entsegu orokorrak Gasteizen egiten dituen taldea. 2024an argitaratu zuen orain arteko disko bakarra: Hirusta, bederatzi abestiz osatutako lana. "Oñatiko kontzertuan kantu horiek joko ditugu, bai, baina ez horiek bakarrik. Pieza ezagunak izango dira batzuk, eta ezezagunak beste batzuk, eta belarri irekiarekin joateko gomendioa egin nahi diegu entzuleei". Eurez gain, Manu Gaigne ere etorriko da perkusioak jotzera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak