Egubakoitzean amaituko dira Udalak antolatutako aurtengo arte udalekuak eta udaleku irekiak, eta urari lotutako festa bereziak dituzte prestatuta. Adinka, plan bat edo beste bat izango du talde bakoitzak. Berritasuna, erabiltzaile nagusiendako erabilgarri egongo den ur txirrista erraldoia da. Unibertsitatetik hilerrira doan aldapan jarriko dute, igotzeko den errepide zatian. 65 metroko txirrista labainkorra izango da, goitik behera jaisteko. Horra joango dira Lehen Hezkuntzako bigarren mailatik seigarren mailara bitarteko gaztetxoak –biak barne-; 10:30etik 12:3oera bitartean gozatuko dute hor, txandaka. Haur Hezkuntzako lau urtetik hasi eta Lehen Hezkuntzako lehen mailara bitartekoak, Olakuako kirol kantxan jarriko dituzten puzgarrietara joango dira eta txikienak, Haur Hezkuntzako hiru urtekoak, San Lorentzoko ur txorroten parkera.
Txirrista erraldoian, baina, arratsaldean ere ibili ahal izango da. Gaztelekuko erabiltzaileei, kubokoei eta topagunekoei, luzatuko zaie horretarako gonbidapena bereziki, gaztelekua zabalik egongo den azken eguna ere bada egubakoitza eta. Gainerako umeak ere jaitsi ahal izango dira, erabilera irekia izango da eta. 16:30etik 18:30era egongo da txirrista martxan arratsaldean.
Zirkulaziorako moztuta errepidea
Txirrista hori jarri, erabili eta kendu egiten duten bitartean, zirkulazioa moztuta egongo da. Hala, 09:30etik 20:00ak bitartean, ezingo da aldapa horretan gora joan autoan, postetxe paretik pasa eta Ibarratik gora joan beharko da saihesbidera.
Murala egin dute kuboan egin dute arte udalekuetakoak
Arte udalekuak ere egubakoitzean amaituko dira. Aurten ere egin dute horma-irudia, murala. Kanpoan egin ordez, baina, barruan egin dute, kuboan, plazako jolas gune aldeko sarreratik sartu eta eskuman dagoen paretan, hain zuzen ere. Egubakoitzerako bukatuta eta ikusgai egongo da. Gainera, egindako lanen erakusketa bat ere jarriko dute eta ateak zabalik egongo dira barrura sartu eta ikusteko.

Uda kanpainako azken eguna ere bai
Eta egubakoitza, uda kanpainako azken eguna ere izango da. Aipatutako bi udaleku horiek bezala, ekainaren 29tik uztailaren 24ra arteko txanda bakarra eskaini du batetik, baina baita bi astetako bi txanda ere. Edozein modutan ere, egubakoitza da azken eguna.
Udalak guztira 88 lagun kontratatu ditu udako aisialdi eskaintzari erantzuteko: 70 begirale udaleku irekietan, zazpi arte udalekuetan eta hamaika kiroleko uda kanpainarako. Udaleku irekietan 504 haurrek eman zuten izena, arte udalekuetarako beste 52 gaztetxok. Kirol kanpainan berriz, egiten diren ekintzak hartzen dituzte kontutan, gaztetxo askok eskaintza bat baino gehiago egiten dituzte eta; aurten, 1.300 bat ekintza edo plaza beteko zituzten.