Bakarrik garbitzen den komun automatikoa jarriko dute Kalegoiena parkean

Oihana Elorza Gorostiza 2026ko uztailaren 20a

Komuna jarriko duten tokia, kolorre berdez adierazita (Argazkia: Oñatiko Udala)

Kalegoienako jolasgunean dagoen igogailuaren alboan ipiniko dute bakarrik garbitzen den komun automatikoa. 59.000 euro pasa da aurrekontua. Lizitazioa martxan da.

Kalegoiena jolasgunean jartzeko komun publiko autogarbigarren baten hornidura eta instalazio lanak lizitaziora atera ditu Oñatiko Udalak. 59.290 euroko –BEZ barne– aurrekontua izango du, eta izan behar dituen ezaugarrien artean: erabilera mistokoa eta desgaitasun funtzionala duten pertsonentzat irisgarria izatea, kabinaren funtzionamendua guztiz automatikoa izango da, kanpoko estaldurak ahalik eta juntura gutxien izango ditu garbiketa eta mantentzea errazteko, sarrerako atearen sarrailak elektroimana izango du eta ordutegi programagarria, barne-estaldura altzairu herdoilgaitzezkoa izango da eta zorua irristagaitza, LED argiteria izango du eta eskurako xaboi hornitzailea egongo da.

Lan hauek egiteko eskaintzak aurkezteko azken eguna abuztuaren 3a da. Proposamenak elektronikoki aurkeztuko
dira Oñatiko Udalaren Lizitazio Elektronikoko Plataforman, gutun-azal edo artxibo elektroniko bakar eta itxiaren bidez.

Jolasgunearen dagoen igogailuaren ondoan jarriko dute bakarrik garbitzen den komuna. Lanak, esleitu eta hamar asteren barruan egin beharko dituzte.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak