Esparru akademikoan genozidioaz hitz egiteko dagoen zailtasunaz egin du berba Hanafi soziologoak Oñatin

Oihana Elorza Gorostiza 2026ko uztailaren 2a

Hanafi –zazpigarrena ezkerretik hasita– Palestina lorategian ateratako talde argazkian (Argazkia: Elkar Hezi).

Oñatin izan da Sari Hanafi soziologo palestinarra eta besteak beste, Palestinako gatazka eta demokrazia liberalen gainbeheraz, esparru akademikoan genozidioaz hitz egiteko dagoen zailtasunaz eta horrez aurrean, gatazkak konpontzeko elkarrizketa eraikitzailean oinarritutako herri-erantzuna egituratzeko premiaz jardun du.

"Hiriek eta herriek Palestinaren auziari nola hel diezaioketen" izenburuko saioa eskaini du Sari Hanafi soziologo palestinarrak Oñatin, Adarra Elkarteak, Elkar Hezi Ikastetxeak eta Oñatiko Udalak elkarlanean antolatutako ekitaldian. Contra el liberalismo simbólico, un alegato a favor de la sociedad dialógica izeneko bere liburua aurkezteko ere baliatu du ekitaldia.

Antolatzaileek adierazi duten moduan, bere hitzaldian, Hanafiek Palestinako gatazka eta demokrazia liberalen gainbehera aztertu zituen. Era berean, esparru akademikoan genozidioaz hitz egiteko dagoen zailtasuna azaldu zuen eta egoera honen aurrean, gatazkak konpontzeko elkarrizketa eraikitzailean oinarritutako herri-erantzuna egituratzeko premia nabarmendu zuen. Alde horretatik, "soziologia elkarrizketatzailearen printzipioak hezkuntzan txertatzearen garrantzia" azpimarratu zuen, "hain zuzen ere Elkar Hezi Ikastetxeak bere pedagogian aplikatzen duen lerroari balioa emanez". 

Saioa amaitzean, Palestina Lorategira joan ziren eta talde argazkia atera zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak