Aloñaren eskubaloiko jokalari ohiak eta egungoak, elkarrekin kantxan

Mireia Bikuña 2026ko uztailaren 18a

Sailaren 50. urteurrena aitzaki hartuta elkartu dira, partiduak jokatzeko. Belaunaldi ezberdinetako jokalariek, gehienak jokalari ohiak, eskubaloiarekin gozatu ederra hartu dute berriro. Batzuek ez dute eskubaloiko baloi bat hartu kadete mailako jokalari zirenetik. Kolpeak kolpe, inork ez du minik hartu.

Aloña Mendi eskubaloi sailak mende erdia ospatzeko iragarritako hitzorduetan, bazegoen jokalari ohien arteko partidua. Bada, ikusmina piztu du, kantxan eta harmailetan. Jokatzeko prest, inoiz klubeko jokalari izandakoak, eta harmailetan, haien familiak. Horietako asko, jokalarien seme-alabak.

Emakumezko jokalariek bi talde osatzea lortu dute. Mutilak, ez. Senior mailako egungo taldeko jokalari batzuen laguntza behar izan dute. Azken horiek erritmo bizian jokatzera ohituta. Mutilen beteranoen taldean Lehenengo Nazional mailan jokatu zuten jokalari asko egon dira.

30 minutuko bina zati jokatu dituzte, bost minutuko atseden tartearekin. Helburua, bakarra: min ez hartzea. "Disfrutatu egin dugu. Lagun zaharrekin elkartu eta eskubaloiaz gozatu. Hori zen gaurko asmoa, eta bete dugu. Gainera, kolpeez harago, inork ez du minik hartu; beraz, denok pozik", esan diote GOIENAri Iban Dominguezek, Idurre Elorzak, Ixone Lizarrak eta Joxe Garciak.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak