Plazako argiteria aldatu, berritu, gura du Udalak eta horrez gain udaletxean argiteria apaingarria jarriko duen lanak egiteko lizitazioa argitaratu du. Hau da, argiteriari lotuta dauden plazako bi proiektu esleitu gura ditu Udalak: kanpoko argiteriaren hornidura eta ordeztea, eta udaletxeko fatxadarako argiztapen apaingarriaren hornidura eta instalazioa. Energia-efizientzia hobetzea eta ondare historikoa balioan jartzea gura da lan horiekin.
Udaletxea argiztatuko duten fokuek argi zuria zein koloretakoa proiektatzeko aukera eskainiko dute erregulazio kromatikoko eta telekudetutako sistemarekin. Plazako jardinetan dauden bi postetatik eta pareko eraikineko fokuetatik bideratuko dute argia udaletxeko fatxadara. Plazako argiteria funtzionala, berriz, oinezkoen erabilerara egokitutako LED argiekin ordezkatuko dute.
Esleipenera atera diren argiztapen lanak ARGI-TECH ingenieria lumínica enpresak egindako proiektuaren arabera egingo dira. Sei hilabeteko epea izango dute lanak burutzeko eta lizitaziorako aurrekontua da 60.000 euro.