Bigarren saria irabazi du Hots abesbatzak Totanako lehiaketan

Oihana Elorza Gorostiza 2026ko uztailaren 12a

Hots abesbatza Totanako abesbatza lehiaketan parte hartzen.

Totanako –Murtzia– Habanera eta Polifonia lehiaketan hartu du parte Oñatiko Hots abesbatzak eta bigarren saria eskuratu du; "pozik eta harro" itzuli da. Lau abesbatzak hartu dute parte eta sari nagusia Mexikokoak irabazi du.

Ganbara Faktoriako parte den Oñatiko Hots abesbatzak bigarren saria irabazi du asteburuan Totanan –Murtzia– jokatu den Habanera eta Polifonia lehiaketan. Lau abesbatzek hartu dute parte –Oñatikoaz gain, Mexikoko, Madrileko eta Valentziako abesbatza banak– eta sari nagusia Mexikoko Pueblako Ameriketako Unibertsitateko Ganbera Abesbatzak irabazi du; bigarrena, Aitor Biainek zuzentzen duen Hots abesbatzak eta hirugarren  Torrejón de Ardoz-eko –Madril– Koral Polifoniko Gazteak.

Lehiaketa zapatu gauean, 22:00etan, izan zen. Talde bakoitzak hiru habanera eta bi polifonia-lan interpretatu behar izan zituen. "Hotsek indar handiz, sentimenduz eta konpromisoz defendatu zuen bere programa, epaimahaiaren aitortza jasoz eta 2.000 euroko saria eskuratuz", adierazi du Aitor Biain zuzendariak gaur. Orain, "denboraldiari amaiera bikaina eman ondoren", Hots abesbatzak atseden hartuko du uda partean. Hala ere, irailetik aurrera hainbat hitzordu garrantzitsu izango ditu, besteak beste, Torreviejako Nazioarteko Abesbatza Zikloan, Ea herrian eta Gasteizko Abesbatza Zikloan, beste hainbat emanaldirekin batera.

Hots abesbatzak hiru eguneko bidaia egin du autobusez. Joan-etorria luzea izan bada ere, taldeak esperientzia bikaina bizi izan duela esan du Aitor Biainek, "bai lehiaketaren mailagatik, bai elkarrekin igarotako egunengatik". 37 abeslari eta zuzendaria izan dira bidaian, eta guztiek giro apartaz gozatu dute.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak