Gerard Saltor kataluniarrak bigarrenez jarraian irabazi du Kantoikrit

Gontzal Belategi Zubia 2026ko uztailaren 12a

Olalde, Saltor eta Cueva Kantoikrit lasterketako podiumean.

21 parte-hartzaile izan dira hamaikagarren Kantoikriteko irteera puntuan. Gerard Saltor kataluniarra izan da lehena hamabost itzuliak osatzen, eta bigarrenez jarraian irabazi du lasterketa. Mikel Olalde oñatiarra izan da bigarrena, eta Unai Cueva oñatiarrak itxi du podiuma. 

Ezohikoa izan da Kantoikrit lasterketaren hamaikagarren edizioa. Historikoki, euria izan da txirrindulariei buruhausteak ekarri dizkien faktore nagusia, baina, beroa izan da aurtengo lasterketa ezaugarritu duena. Hala ere, txirrindulariek ez dute hutsik egin, eta lasterketan zehar giro ona izan da nagusi.

21 txirrindulari izan dira azkenean lasterketaren irteera puntuan, eta horietatik 10 izan dira Oñatikoak. Ohiko modura buelta neutralizatu batekin eman diote hasiera lasterketari, eta ostean hasi dira lasterketa osatzen duten hamabost itzuliak.

Gerard Saltor kataluniarrak eta Mikel Olalde eta Unai Cueva oñatiarrek lehen unetik hartu dute lasterketaren gidaritza. Azken honen lehen parte hartzea izan da lasterketan, eta beste bien erritmoa ezin eutsita pauso bat atzera ematea erabaki du: "Lasterketa erdian ikusi dut hori ez zela nire erritmoa, eta hanka pixka bat jasotzea erabaki dut, baina distantzia gehiegi utzi gabe, lasterketa zaila delako eta edozer gertatu daitekeelako. Aurrean zerbait gertatzen baldin bazen hor egotea zen nire asmoa, aukera aprobetxatzea, baina ez da horrela izan eta aurrekoak guztia egin dute ondo, oso fuerte zeuden".

Bi pertsonako lehia

Saltor eta Olalderen arteko lehia biziak ezaugarritu du 2026ko Kantoikrit lasterketa. Ezagun ziren bi lasterkariak, aurreko urtean ere lehen postua eskuratzeko lehian murgilduta egon bai ziren. Tentsio handiko lasterketa ederra utzi dute bi txirrindulariek, baina, Olaldek azaldu duenez, Saltor "teknikoki oso ondo prestatuta" zegoen, eta azkenean kataluniarra izan da nagusi. Horrenbestez, Saltorrek bigarrenez jarraian eskuratu du Kantoikriteko garaikurra.

Saltor pozik agertu da lasterketak utzitakoarekin, eta Oñatin lehiatzea plazer bat dela nabarmendu du: "Beti da plazer bat Oñatin lehiatzea, giro ederra egoten da. Herriko txirrindulariekin lehiatzea ere plazer bat da, oso jende indartsua baitira. Nire lasterketa gustukoenetako bat da hau, zalantzarik gabe".

Parte-hartzaile kopurua behera

Antolatzaileak pozik agertu dira hamaikagarren edizio honek utzitakoarekin. Hala ere, antolakuntzako kide den Xabi Barrenak kezka azaldu du parte-hartzaile kopuruak izandako beheranzko joerarekin: "Esango nuke lasterketa txukun joan dela. Hala ere, aurten beherakada bat izan dugu parte-hartzaile kopuruan. Jatorriz 24 pertsonak eman dute izena, azken orduan etorri diren bost pertsonarekin, baina, beste hiruk huts egin dute eta 21 pertsonek hartu dute parte".

Hamar lehiakide izan dira aurten oñatiarrak, eta horrekin pozik agertu da Barrena: "Oñatiar kopuruak azken urteetan gora egin du, eta 10-12 izaten dira normalean. Horrekin oso gustura gaude; aurten kanpotik etortzen diren txirrindulariak falta izan zaizkigu".

Lasterketak etorkizuna duela azaldu du antolakuntzako kideak, baina, parte-hartzeari buelta bat eman behar diotela: "Guk parte-hartzea behar dugu, eta horri buelta bat eman beharko diogu, jendea zela erakarri pentsatzeko. Parte-hartze hori bermatzen baldin badugu, gu jarraitzeko gogoz gaude".

Erlazionatuak

Kantoikrit 2026. Argazkiak

Oihana Elorza Gorostiza uzt 12, 10:29 Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak