"Iazko podium osoa egongo da lasterketan, Gerard Saltor, Mikel Olalde eta Danel Markuleta, eta duela bi urte lasterketa irabazi zuen Javi Mateos ere etorriko da, Sevillatik", dio antolaketa lanetan dabilen Xabi Barrenak.
Hala ere, oñatiarrak nabarmendu du oraingoz izen-ematea motel doala. "Oraingoz, hamazazpi lagunek eman dute izena, eta horietatik hamaika oñatiarrak dira. Egubakoitz [gaur] gauerdira arte egongo da Internet bidez izena emateko aukera, baina gehienezko kupoa urrun daukagu; horrenbestez, egunean bertan ere onartuko ditugu izen-emateak, lasterketa hasi baino apur bat lehenago arte. Badakit gurera etorri izan diren txirrindulari batzuk beste proba batzuetan ere egon direla; tartean, Pirinioak zeharkatzen dituen Transpirenees proban. Eta baliteke gurean izena eman aurretik haren ostean zelan errekuperatu diren ikusten ibiliko direla". Lasterketan ziklistek hamasei itzuli eman beharko dizkiote Oñatiko herriguneko zirkuituari, eta azkarrenak 45 minutu inguru erabiliko ditu.