Murtziako Totana hirian asteburu honetan egingo den Habanera eta Polifonia lehiaketan hartuko du parte Oñatiko Hots abesbatzak. Espainiako eta nazioarteko hainbat abesbatza biltzen dituen lehiaketa da hori, abesbatzako zuzendari den Aitor Biain Bidartek esandako moduan, eta Oñatikoa izango da parte hartzeko aukeratutako lau koruetako bat. Mexikoko, Madrileko eta Valentziako abesbatza bana ere lehiatuko dira. Lehiaketa saio bakarrean egingo da eta agertokira igoko den azken taldea Hots abesbatza –35 lagun inguru dira–izango da.
Antolakuntzak hautatutako errepertorioaren barruan, habaneren atalean Verde Mar eta Añoranza de un Marino kantatuko ditu; polifonia atalean berriz, O Sapientia eta Oihu Hau.