Las Palmas Kanariar Handikoan jokatuko den infantil mailako Espainiako txapelketarako daude sailkatuta Aloña Mendi igeriketa taldeko Aimar Urzelai Ormazabal eta Julen Pedregal Aranzabal gazteak. Bizkar estiloko 50 metro, 100 metro eta 200 metroko distantzietan lehiatzeko txartelak dituzte lortuta.
Igerileku irekian igeri
Uztailaren 16tik 19ra jokatuko da txapelketa –eguenean, zapatuan eta domekan dira euren probak– eta hara begira daude bi igerilariak eta euren entrenatzaile den Josune Odriozola. Pedregal, baina, azken unera arte izango da zalantza. Belarriko infekzioa dauka eta tratamendua jasotzen ari den arren, oraindik ez da ziurra joan ahal izango den edo ez. "Azken entrenamendu hauetara ere ezin izan da etorri, baina biak, Urzelai eta biak, eskarmentu handia duten igerilariak dira. Espainiakora sailkatzeko behar ziren gutxienekoak erraz lortu zituzten eta ondo prestatuta daude", dio Odriozolak. Izan ere, aurretik ere lehiatu izan dira biak maila horretako igeriketa txapelketan. Helburua finalera sailkatzea dela gaineratu du.
Kanpoko igerilekuan, irekian, dira proba guztiak eta hori, Odriozolaren esanetan, kontrako egoera bat da eurendako, ez daudelako baldintza horietan igeri egitera ohituta. "Gure entrenamendu guztiak barruko igerilekuan izaten dira eta txapelketa gehienak ere bai. Irekietan zaila da erreferentzia bat izatea, zerua ikusten delako. Betalde, betaurrekoak ere ezohikoak erabili beharko dituzte, ispiluzkoak".
Hernanikoekin batera
Lehiatuko diren igerilari bakoitzaren taldeek bidaia euren kontura presatu arren, Las Palmasen euskaldunak elkarren ondoan egongo direla badaki entrenatzaileak. "Gu, esaterako, Hernanikoen hotel berean egongo gara, baina besteak ere ez dira urruti ibiliko eta probak direnean, kiroldegira heltzean, ondoan egongo gara denok. Az- ken finean, urtean zehar txapelketa askotan elkartzen gara, ezagutzen dugu elkar, igerilariek ere bai, eta nahiz eta bakoitzak bere proba egin behar, bere denboraren aurka igeri egin behar, talde moduan egongo gara han".
Atsedena irailera arte
Uztailaren 4tik 5erako asteburuan jokatu zen Euskadiko txapelketarekin amaitu zuten igerilari askok aurtengo denboraldia. Espainiakoa bukatzean, guztientzat amaituko da eta atsedena hartuko dute irailera arte. Tartean itsas zeharkaldietan hartuko dute parte hainbatek, baina bakoitzak bere kasa prestatuko ditu horiek, ez sailak.
Datorren ikasturtera begira, indartsu hasiko duten susmoa du Odriozolak. "Lehen Hezkuntzako hirugarren maila hasten duten gaztetxoak izaten dira saileko gazteenak, berrienak, eta datorren urterako 26 batek eman dute izena; aspaldiko kopururik altuena da hori".