Fonda zerbitzua egongo da San Inazio egunean Urbian

Oihana Elorza Gorostiza 2026ko uztailaren 8a

Urbiako fonda.

Partzuergoak katering enpresa bat kontratatuko du eta jatekoa eta edatekoa eskainiko du enpresa horrek uztailaren 31n. Horrez gain, baina, partzuergoak obrak hasiko ditu datorren astean fonda berritzeko; udaberrian zerbitzuaren lizitazioa egin gura du.

Urbiako fonda berritu eta zerbitzua berriro esleitzea gura du horren jabe den Partzuegoak –sei herritako Udalek osatzen dute: Gipuzkoako Idiazabal, Segura, Zegama eta Zerain eta Arabako Domeniliaga eta Asparrena–.

Datorren astean hasiko dituzte lanak. "Zerbitzuaren kontzesioa zuen Urbiako Fonda S.L. enpresak baja eman du eta berriz esleitzea da gure asmoa. Horretarako, baina, obrak egingo ditugu aurretik. Datorren astean teilatua konpontzen hasiko dira. Abuztua tarteko, urrirako bukatzea gurako genuke. Eta behin teilatua eginda, barruko argindar sistema berrituko dugu, hornidura begiratu eta ezer falta bada jantzi egingo genuke. Gure nahia da udaberrian ateratzea lizitazioa zerbitzuaren esleipen berria egiteko", azaldu du egun partzuergoko presidentea den Idiazabalgo alkateak, Iñaki Alberdi Iparragirrek.

San Inazio egunean, jatekoa eta edatekoa egongo da

Hori martxan dagoela, baina, San Inazio egunean jateko eta edateko zerbitzua eskaintzeko aukera jarriko du partzuergoak. "Katering enpresa bat kontratatuko dugu egun horretan Urbiara joango direnei fondak eman izan duen zerbitzua emateko. Eraikina bera aprobetxatuko dute eta bertan eskainiko dute prestatutakoa. Baina bakarrik izango da egun horretan, uztailaren 31n, San Inazio egunean", zehaztu du Alberdik.

Egun horretako egitaraua ia prest dutela gaineratu du Alberdik eta aurreratu du meza, pintxoak eta ardoa, musika eta herri kirolak ere egongo direla aurtengo San Inazio egunean, Urbian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak