Topakord topaketa egingo dute bihartik domekara Arantzazun

Eneko Azurmendi Barrena 2026ko uztailaren 7a

Topakord topaketa, iaz. (Argazkia: Hauspoz).

Hauspoz elkarteak antolatuta, akordeoi-jole gazteentzako topaketa egingo dute Arantzazu aterpetxearen eta Gandiaga Topagunearen inguruan, laugarrenez. Uztailaren 8tik 12ra, hain zuzen.

Prestakuntza musikala, talde-praktika eta bizikidetza uztartuko ditu, bihartik domekara arte, Topakord topaketak, Hauspoz elkartearen eskutik. "Topaketak izaera hezitzaile eta parte-hartzaileari eutsiko dio aurten ere, ikasleei ikasketa partekaturako espazioa eskainiz", azaldu dute antolatzaileek. "Interpretazio indibiduala ez ezik, orkestra-praktika ere landuko dute. Topaketan, parte-hartzaileek orkestra-entseguetan, banakako eskoletan, musika-adierazpeneko saioetan eta bizikidetza-jardueretan parte hartuko dute, akordeoi-jole gazteen garapen artistikoa eta pertsonala sustatzeko helburuarekin".

Marko Sevarlic arduratuko da orkestra-entseguetako zuzendaritzaz eta, era berean, Janne Valkeajoki akordeoi-jole finlandiarrak Topakord Master modalitateko banakako eskolak emango ditu. "Valkeajoki nazioarteko ibilbide aitortua duen interpretea eta zuzendaria da; 2015ean Arrasate Hiria Nazioarteko Akordeoi Lehiaketako Lehen Saria eskuratu zuen, eta jarduera oparoa garatzen du bakarlari gisa zein egungo konpositoreekin elkarlanean". Halaber, Maialen Urretabizkaiak musika-saioak egingo ditu, musika mugimenduaren, kantuaren eta talde-dinamiken bitartez.

Herritarrentzat, hainbat hitzordu

Ikasleendako eskaintzaz gain, herritarrendako hainbat hitzordu ere izango dira. Esaterako, Gandiaga Topagunean hainbat emanaldi egingo dituzte. Uztailaren 10ean, egubakoitza, 19:45ean, Janne Valkeajokik kontzertua egingo du eraikinaren sarreran, Magnus Lindberg, Claude Debussy eta Jean-Philippe Rameauren obrekin. Uztailaren 11n, zapatua, 19:30ean, Topakord Masterreko ikasleek kontzertua egingo dute Oteiza aretoan.

Azken egunean, uztailaren 12an, Oteiza aretoan egingo duten Topakordeko amaiera kontzertuarekin borobilduko dute egitaraua. "Topaketako egunetan zehar orkestraren baitan egindako lana aurkeztuko dute, besteak beste S. Hristieren Turtledove, K. Jenkinsen Palladio, A. Marquezen Danzon eta C. Almeidaren Stimming on checkered bellows obrekin. Azken hori erabateko estreinaldia izango da, Francisco Escudero Nazioarteko Akordeoi Lehiaketan garaile izandako obra pedagogikoa izanik 2025eko edizioan", nabarmendu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak