"Ondo joan da. Igartzen da, eguraldi ona tarteko, jende gutxixeago ibili dela, baina pozik gaude. Eskerrak eman behar dizkiogu Oñatiko herriari, urtero-urtero kanpaina laguntzeko egiten duen ahaleginarengatik", azaldu dute.
Gipuzkoako Esklerosi Anizkoitzaren Elkarteak –ADEMGI– jarri du standa, informazio bidez gaixotasunarekiko sentsibilizazioa sustatzeko eta dirua batzeko helburuarekin. Hainbat herritar gerturatu dira itsulapikoan dirua sartzera, eta beste asko produktuak erostera: Katuki Saguyakik edizio honetarako diseinatutako jertseak eta kamisetak, edota elkarteko eskulan tailerretan parte hartzen duten gaixoek egindako bitxiak.
Ikerkuntzaren garrantzia
Gaitzaren arrazoia oraindik ezezaguna da, eta, ondorioz, ez du sendabiderik; egiten dutena da, kasuan kasu, sintomak aritzeko tratamendua ipini. Horregatik, bereziki garrantzitsua da ikertzen jarraitzea.
Mila aurpegidun gaixotasuna deitzen diotela azaldu du Jose Luis Calvo herritarrak, pertsona guztiek ez dituztelako sintoma berdinak. Berak, esaterako, 23 urte daramatza esklerosi anizkoitzarekin, eta mugikortasunean nabaritzen du eragina, batez ere; are gehiago adinean aurrera doan heinean: "Makulu batekin hasi nintzen, birekin jarraitu, eta, gaur egun, taka-taka hartu behar dut; distantzia luzeetarako, gurpildun aulkia. Baina, zorionez, horrez gain, ez daukat aparteko sintomarik".
Hamabost urte dira, jada –pandemiakoak salbu–, herrian Busti zaitez kanpainarekin bat egiten dutela, eta orain arte moduan jarraitzeko dei egin die herritarrei: kontzientzia hartzen, eta, ahal duten heinean, laguntzen.