Omenaldiak eta oroitzapen asko 50. urteurrenaren festa handian

Oihana Elorza Gorostiza 2026ko uztailaren 4a

50. urteurrenaren festa handia egin du gaur Aloña Mendiko eskubaloi sailak. 475 lagun elkartu dira Zubikoan bazkaltzeko. Omenaldien artean, Anton Inzak jasotakoa izan da hunkarria. 

1976. urtean atera zuen Aloña Mendik federatuen lehen eskubaloi taldea. Luis Aranburu, Geronimo Dorado –azken 40 urtetan Alcala de Henaresen bizi da eta gaur ospakizunera etorri da– eta 'Mendi' ziren zuzendaritza osatzen zuten hirukotea. "Haserre ginen futbolak hartzen zuelako diru gehiena, eta errugbiak aurrera egin ez zuenez, eskubaloia sortzea okurritu zitzaigun. Esperimentu bat izan zen", adierazi du goizean Doradok. Hirurek jaso dute omenaldia gaurko festa handian.

Eurekin batera, lehen taldeko jokalariak eta entrenatzaileak ere omendu dituzte –mutilak 1976 denboraldikoak eta neskak 1982koak–. Horiek besteko hunkigarria izan da Anton Inzak jaso duena, sorpresaz. 40 urte egin ditu Aloña Mendi kirol elkarteko presidente Inzak eta eskubaloiko zuzendaritzatik heldu zen kargu horretara. Beti Aloña Mendiri lotuta, egindako lana aitortu gura izan diote omenaldiarekin. Egungo eskubaloiko zuzendaritzako kideen ordezkarien eskutik jaso du oroigarria. Eta Zubikoan bazkaltzeko elkartu diren 475 lagunen txalo zaparrada -eta saileko babesleak ere egon dira bazkarian–.

Zubikoako kantxa berdean izan da bazkaria. Aurretik, trikipoteoa egin dute Aloña Mendi tabernatik hasita, eta argazki erraldoia ere atera dute plazan.

Oroitzapen asko

Jokalari garaiko taldeak osatutako kuadrillak ikusi dira poteoan eta elkarren ondoan bazkaltzen. Eskubaloian ari zireneko kontu asko ekarri dituzte gogora denek, oroitzapen asko egon dira: partiduak plazan jokatzen zirenekoa, mutua zen atezain bati epaileak txartel gorria atera eta kaleratu egin zuela hitz egiteagatik, ateak eskuz nola eramaten zituzten plazara, Oñatitik beste herrietara joateko egiten zituzten bidaiak, partiduen ostean pintxoa jateko zuten ohitura eta baita urte hauetan hil direnak ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak