Jokalari gehienek gura izaten dute futbol zelaian minutuak eduki, eta Granadara horien bila doa, Realean, lesioak tarteko, urte gorabeheratsuak igaro ostean. Hala, 2026-2027ko denboraldiaren amaiera arte jokatuko du Andaluziako taldean. 2023an talde nagusiarekin debuta egin zuenetik 40 partida baino gehiago jokatu ditu; tartean, Liga F Moeve, Erreginaren Kopa eta Espainiako Superkopa –azken hori, 2025ean–. Iaz, gainera, Txapeldunen Ligarako sailkapena lortu zuen Realak, denboraldi historikoa eginda.
"Konfiantzaren" bila
Hain zuzen ere, Realak talde bezala egindako azken denboraldiarekin, Granadara "gustura eta pozik" doala nabarmendu du Guridik. "Denboraldi ahaztezina izan da, talde bezala ezer gutxi gehiago eskatu daiteke. Alde horretatik, oso pozik amaitu dute eta zorterik onena opa diet datorren denboraldira begira; gertutik jarraituko ditut", adierazi du. Pertsonalki, baina, denboraldi erraza ez dela izan aitortu du oñatiarrak, eta, talde aldaketa horrekin, "erritmoa hartu" eta "konfiantza" lortzea du buruan. "Lesioak eta beste arrazoi batzuk tarteko, ez dut askorik jokatu; talde aldaketa hau horretarako da, ea aukera gehiago izaterik dudan ikusteko", dio Guridik.
"Ahalik eta minutu gehien jokatu eta berriro ere futbolari sentitu nahi dut"
Realean izan ez duen jarraipena izateko ilusioarekin joan da Guridi Granadara, berriro ere bere burua "futbolari sentitzeko". Gainera, Euskal Herritik irtengo da estreinakoz aukera bila; izan ere, Aloña Mendiko eta SD Eibarko harrobietan hezi ondoren, 2018an iritsi zen Realeko behe-mailako taldeetara, eta, ordutik hona, Donostian jokatzen aritu da. "Gogotsu noa; egia da nahiko urrun dagoela, baina aukera berri bat izango da niretzat. Gogoko dut Andaluzia; Granadan ez naiz egon, eta gogo handia dut hiria ezagutzeko, mundu guztiak oso polita dela esaten du eta", adierazi du. Hala, etxean astebete inguru igaro ostean, uztail erdialdean joango da Granadara, denboraldiaurrea prestatzeko.
Talde "berria", baina indartsua
Granadako emakumezko taldea 2003an sortu zenetik, Bigarren Mailan igaro ditu urte gehienak, 2023an goi mailara bueltatu zen arte. Talde "berria" izan arren, azken bi denboraldietan sekulako maila erakutsi dute andaluziarrek; bosgarren eta seigarren sailkatu dira, hurrenez hurren. "Agian, ez dute horrenbesteko izenik izango, baina Lehen Mailara igo zirenetik sendo aritu dira, eta espero dut aurten ere hala izatea", adierazi du Guridik.
Granadak etxetik kanpo hasiko du denboraldia, Madril CFF taldearen aurka. Etxeko debutean, baina, zoriak-edo hala erabakita, Realaren bisita jasoko dute. "Berezia izango da. Espero dut Granadak irabaztea; kar-kar. Zorterik onena opa diot Realari, baina justu partidu horretan nahiago izango dut Granadak irabaztea". Taldekide ohiaren legea beteko ote den galdetuta, horretan ez duela pentsatzen dio, baina denboraldi hasieran gol bat sartzea "seinale ona" izango litzatekeela aitortu du.