Mutilen infantil mailako hirugarren taldea aterako du Aloña Mendik hurrengo denboraldian

Oihana Elorza Gorostiza 2026ko uztailaren 1a

Nerea Uriarte, Unai Garai, Jabi Azpiazu, Juan Luis Guridi eta Jabi Agirre atzo iluntzean egindako urteko batzarrean (Argazkia: Aloña Mendi).

Urteko batzar orokorra egin du Aloña Mendiko futbol sailak eta hantxe baieztatu dute talde berriaren sorrera. Datorren denboraldian sailaren aurrekontua 300.500 eurora iristea aurreikusi dute.

Aloña Mendiko futbol taldeek azken denboraldian egindako lanaren kirol balantzea eginez hasi du urteko batzar orokorra herriko kirol elkarteak, joandakoei eskerrak eman eta hildako bazkideak gogoan izan ostean. Nerea Uriartek eta Unai Garaik irakurri dute 2025/2026 denboraldiko kirol balantzea, taldez talde; maila ezberdinetako hamabi talde eta futbol eskola –210 gaztetxo eskolan–. Lortutako emaitzen artean aipatzekoak. mailaz igotzea lortu duela gizonezkoen gorengo erregional mailan jokatu duen taldeak, Ohorezko Jubenil Mailan mantentzea lortu duela mutilen taldeak aurreko denboraldian mailaz igo ostean, berdina gertatu zaiola mutilen kadeteen ohorezko mailari eta emakumezkoen infantil mailako –F8– taldea txapeldunen fasera sailkatu zela.  

Datorren denboraldian talde bat gehiago izango du futbolean Aloña Mendik. Izan ere, mutilen infantil mailako hirugarren taldea aterako dutela baieztatu dute batzarrean.

Kuotak mantendu egingo dira

Eta talde berria izateak datorren urteko kostuen gehikuntza ekar dezakeela aurreikusi dute, hain zuzen ere, futbol saileko zuzendaritzako kideek datorren denboraldiko gastuak kalkulatzerakoan. Juan Luis Guridik irakurritako datuen arabera, gastu orokorra 300.500 eurotara –ekipoen gastuek, mutualitateak, kirol materialak, bidaiak– iritsi daitekeela kalkulatu dute, eta denboraldirako erronken artean dituzte: balantze ekonomikoan galerarik ez izatea –azken denboraldia 1.237 euroko galera izan du futbol sailak; 292.187 euroko gastu totala–, bazkide berriak aurkitzea eta babesletza eta diru-iturri berriak lortzea.

Era berean, jakinarazi dute  2026-2027 denboraldian bazkideen kuotak mantendu egingo direla, aurtengo kopuru bera izango dutela: babesleak 65 euro eta kuota orokorra 50 euro. 

Donosti Cup uztailaren 10ean

Futbol saileko zuzendaritza taldekoek gaineratu dute Aste Santuan eta ekainean egindako futbol campusek arrakasta izan dutela eta uztailaren 10ean Donosti Cup txapelketako partidak jokatuko direla Azkoagainen. Izen propio batzuk ere aipatu zituzten urteko batzarrean: Emakumeen futbolaren koordinatzaile lanetan aritu den Nerea Uriartek zeregin hori utzi egingo duela eta funtzio hori Tiago Santanak beteko duela batetik, eta Debagoiena taldea entrenatzen ibili den Aitor Guridi 'Txisto'-k utzi duen kargua "lotuta" dagoela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak