Hirugarrenez egin duten Market Berri programak ikasturtea itxi zuen atzo, martitzena, Oñatiko Enpresagintza Fakultatean egindako ekitaldiarekin, zazpi hilabeteko lanketaren ostean. Merkataritza Saileko zuzendari Izaskun Gomez eta Mondragon Team Academyko koordinatzaile Aitor Lizartza izan dira ekitaldian, besteak beste.
Oñatiko, Irungo eta Bilboko laborategietako Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza graduko ikasleek eskuz esku egin dute lan sektoreko merkatariekin eta eragileekin, "Euskadiko merkataritzaren benetako erronkei aurre egiteko irtenbide berritzaileak diseinatzen", antolatzaileek azaldu dutenez. Erronketako batzuk ere zehaztu dituzte: lokal hutsak, belaunaldien arteko erreleboa, auzoen aktibazioa, digitalizazioa eta kontsumitzeko modu berriak.
Ikasleek garatutako bederatzi proiektu aurkeztu dituzte gaurko saioan, hasierako 30 proiektuetatik aukeratu dituztenak, hain zuzen. "Proiektu horiek askotariko ikuspegiak dituzte, hala nola merkataritza-eremuak biziberritzea, esperientzia hibrido fisiko-digitalak, jasangarritasun-ekimenak, ekonomia zirkularra edo kultura aktibatzea".