Abixaran taldeko kideek dortsal guztiak (300) saldu dituzte gaurko lasterketarako. Egubakoitzean agortu ziren denak, eta horrek esan nahi du gaur jendetza batu dela San Pedroko irteeran. Lasterketa hasieran Bizi Hadi taldeko Igor Elizburu handbikean irten da, semeak lagunduta, eta penaz zen Iñaki Igartua, ezin zuelako proban parte hartu. "Joan den astean bizikleta egokituan torloju bat apurtu zitzaidan, eta astea eman dut Kanadatik pieza garaiz iritsiko zen edo ez zain. Ez da iritsi. Bizikleta hauek bereziak dira, eta halaxe kontuak, inbidiaz jarraituko dut lasterketa, asko gustatzen zait etaTorreauzo krosa".
Herri lasterketa 10:30ean hasi dute, eta ordurako bistan zen Unai Ibarra arrasatearra zela faboritoa. Endika Donnay ere irteeran zen, baina gaur gaurkoz Ibarra beste maila batean dago, eta lasterketa hasi eta 50 metro behar izan dira ikusteko Arrasatekoak bere erritmoan egin behar zuela lasterketa guztia. Hegan egin du (23:47). "Sufritu egin dut, hezetasun handia zegoen. Orain atseden hartzea tokatzen da eta abuztuan Sierra Nevadara joateko asmoa dut, garaieran entrenatzera, udazkenean Frantzian pare bat lasterketa ditut eta begiz jota". Endika Donnay bigarren izan da (24.59), eta Soraluzeko Camilo Lopez hirugarrena (26.23).
Emakumezkoetan beterano izanda ere lasterketa oso maila onean egin daitekeela erakutsi du Basauritik etorri den Isabel Sixtok (30.08). Lehenengo edizioa ote zuen galdetuta, bizkaitarrak bi hamarkada egin ditu atzera: "Duela 22 urte etorri nintzen azkenekoz. Eta izugarri poztu naiz hau guztia ikusi dudanean. Sekulako giroa egon da krosean, eta emakumezko mordoa ikusi dut. Edozein lasterketetan ez da ikusten halako parte-hartzea".
Gutxigatik ez du harrapatu bigarren egin duen Alaitz Atxa oñatiarrak (30:40). "Ez zen asmoa. Azken urtetan hainbatetan igo naiz podiumera, baina egia esaten badizut, lagun batekin egiten dut korrika eta hark xaxatzen nau, erritmo bizia jarrita. Nigatik izango balitz... Lagun artean etorri gara, kuadrillan, eta ederto pasatzen dugu urtero, ez dugu kalerik egiten". Eta, Barakaldotik etorri den Eguzkiñe Azpiazu izan da podiuma osatu duen hirugarren emakumezkoa. Hemen sailkapen osoa.
Azpimarratzekoa, baita ere, Zure irribarra nire indarra ekimenetik zenbat lagun animatu diren. "Zortzi aulki ekarri ditugu guztira, inoiz baino gehiago, oso pozik gaude", adierazi dute bertako kideek.