Ekainaren 28a "ezinbestekoa" dela aldarrikatu du herriko LGTBIQ+ kolektiboak

Oihana Elorza Gorostiza 2026ko ekainaren 26a

LGTBIQ+ kolektiboko kideak mozioa irakurri zuten momentua.

Ekainaren 28aren bezperan, mozioa irakurri dute LGTBIQ+ mugimenduko hainbat kidek hileko osoko bilkuran, kolektiboaren izenean. Aho batez onartu du udalbatzak.

Ekainaren 28a, Harrotasunaren Nazioarteko Eguna, ez dela ospakizun hutsa adierazi dute mozio bidez, memoria egiteko eguna, aitortzarena eta aldarrikapenarena baizik. Oraindik ere beldurrak, bakardadea edo ulermen ezak badaudela eta horregatik, ekainaren 28a "ezinbestekoa" dela gaineratu dute: "Egun honek gogorarazten digu aniztasuna aberastasuna dela, eta gizarte justuago eta demokratikoago bat eraikitzen dela pertsona guztiek, salbuespenik gabe, errespetuz eta berdintasunez bizi ahal dutenean".

Gehitu dute instituzioek ere badutela ardura horretan eta Udalek, herritarrek gertuen dituzten erakundeek, espazio seguruak, inklusiboak eta diskriminaziorik gabekoak sustatu behar dituztela, herriak eta hiriak guztiendako bizigarriak izan behar dutelako, norbera den bezala bizitzeko askatasuna bermatuz. "Harrotasuna ez da soilik ospakizuna. Harrotasuna memoria da. Horrotasuna erresistentzia da. Harrotasuna eskubideak defendatzea da eta harrotasuna da pertsona orok, den bezalakoa izanik, duintasunez eta askatasunez bizitzeko duen eskubidea aldarrikatzea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak