Udalak eskuartean duen Etxebizitza Planaren barruan, Eusko Jaurlaritzaren Bizigune eta Asap programei loturiko informazio saioa egin zuten kultura etxean eta bakoitzaren berezitasunak azaldu zituzten Izaro Elorza Arregi alkateak eta hirigintzako batzordeburu Iñigo Ruiz Barronek. Oro har, etxebizitza hutsak merkatura bideratzea dute xede nagusi bi planek. "Etxe jabeei berme batzuk eskaintzen dizkiete, eta, era berean, ahalbidetzen dute etxe bila ari direnek aukera gehiago izatea etxebizitza bat alokatzeko. Aldebiko abantailak eskaintzen dituzte, nahiz eta ez diren behin betiko soluzio", azaldu du alkateak.
Bizigune
Bizigune programak etxebizitza hutsak alokairu babestura bideratzen dituela azaldu zuten udal ordezkariak, merkatu librean etxebizitza eskuratzeko zailtasunak dituzten pertsonei horretarako aukera eskainiz –diru sarreren araberako alokairua ordaintzen dute, nahiz eta etxe jabeak teknikari batek egindako etxebizitzaren balorazioan finkaturiko zenbatekoa jasoko duen– "Alokabidek kudeaturiko programa da. Gutxienez sei urterako alokairu kontratua sinatzen da, eta, epealdi horretan, hileko errentaren ordainketa bermatzen da. Teknikari batek baloratuko du etxebizitza bat programan sartzeko moduan dagoen ala ez,
eta %0ko interesarekin itzuli beharreko 15.000 eurora arteko aurrerakina eskaintzen da hobekuntzetarako", Ruizek emandako azalpenak.
Datu bat ere gehitu du Ruizek: Etxebiden izena emandako pertsonei bideraturiko alokairuak dira. Gaur-gaurkoz, Oñatin, 55 etxebizitza inguru daude Biziguneren zerrendan, eta 90 eskatzaile inguru daude Etxebiden.
Asap
Asap programak, berriz, merkatu libreko etxebizitzen alokairurako bitartekaritza eskaintzen du, eta duen helburu nagusia da etxebizitza hutsak merkatuan arrazoizko prezioan jartzea. Kultura etxean egindako aurkezpenean azaldu zuten horretarako, aseguru-polizen bidezko berme-sistema bat eskaintzen diola Eusko Jaurlaritzak etxe jabeari, eta, trukean, gehieneko errenta finkatzen duela, merkatu librekoagoak baino baxuagoak eta lehiakorragoak izan daitezen.
Aurrez aurreko arreta
Programa horiekin bat egin gura duenak, Debagoieneko Mankomunitateak etxebizitza aholkularitza eta birgaitzeetarako laguntza eskaintzeko duen Suradesa zerbitzuan izango du horretarako aukera.
Oñatin, martitzenetan eskaintzen da zerbitzua, 09:30etik 13:00etara, Onaroren bulego berean –Bidebarrieta, 24–. Hitzordua hartu beharra dago, 900 25 12 51 telefono zenbakira deituta, edo, martitzenean bertan hartu gura bada, 943 78 o4 11 telefono zenbakiaren bidez.