Kaleko argi puntuen %85a Led argiteria da Oñatin

Oihana Elorza Gorostiza 2026ko ekainaren 24a

Led teknologiako argiteria Errementeri plazan.

Kaleko 688 argi puntu aldatu dituzte Led argiteriara eta dagoeneko kaleko argien %85 teknologia horretakoa da. Udalak urtean 65.000 euro gutxiago ordaintzea ekarriko du aldaketa horrek. Falta diren puntuak lekuan lekuko proiektu ezberdinen bitartez aldatuko dituzte.

Udalak gaur jakinarazi duenez, kale argiteriaren hein handiena Led argiteriara aldatuta dago dagoeneko. Datuak emanda, azken lanetan guztira 688 argi-puntu aldatu dituztela esan du Xabier Igartua Loidik, Obra eta Zerbitzuetako batzordeburuak. "Diagnostikoa egin genuenean, LED teknologiara aldatzeko zeuden hamalau koadro identifikatu genituen, 688 argi-puntu. Aldaketa horiek gauzatuta daude dagoeneko". Hala, kaleko argiteriaren %85 LED teknologiaduna da gaur egun Oñatin, eta gainerako %15a hainbat proiekturen bidez aldatuko dutela gaineratu du Igartuak: "Zuzeneko aldaketak eginda daude; gelditzen denari pausoz pauso emango zaio erantzuna, lekuan lekuko proiektuen bitartez".

65.000 euro gutxiago urtean

Oñatin, guztira, 2.741 argi-puntu daude egun: 2.330 dira LED teknologia dutenak –%85– eta 411, berriz, –%15–beste luminariak. LED argiteriara aldatzeko egindako lanek Udalak ordaintzen duen kale argiteriaren fakturan ze aldaketa ekarriko duten ere adierazi du Igartuak: "%70en bueltako aurrezpena ekarriko du bai argindar kontsumoan eta gastuan. Aldaketa horrek dakar Udalak urtean 65.000 bat euro gutxiago ordainduko duela fakturan". Igartuak emandako datuen arabera, 2024ko apirilean 7.450 euro ordaindu zituzten, 2025ekoan 6.130 eta 2026koan, 1.693 euro. Kontsumoa, berriz, 30.251 kilowatt orduko zen 2024ko apirilean, eta 9.979 kilowatt orduko 2026koan.

Herriko hainbat kale eta auzotan daude aldatutako 688 argi-puntuak: Otaduin, 32; Goribarren 36; Ibarran 90; San Juan kalean 26; Auzabarrin, 35; Kalegoienan, 72; Roke Azkunen, 62; Arantzazuko Ama kalean, 28; San Martinen, 151; Ugarkalden, 126; eta Olabarrietan, 30. Puntu horien aldaketa egiteko 390.619 euroko inbertsioa egin du Udalak, eta Igartuak gaineratu du sei urteren bueltan berreskuratuko duela Udalak diru hori, eta hortik aurrera aurrezpena zuzena izango dela.

Trantsizio energetikoaren bidea

Aldaketa hori egitea "funtsezkoa" izan dela uste du Udalak, "kontsumoan eragiteaz gain kostuan ere eragiten duelako". Teknologia horrek kontsumoan ekarri duen jaitsiera egungo energia krisiarekin lotu du Igartuak: "LED argiteriak ekarri duen berezitasun nagusienetakoa da antzerako argi intentsitatearekin, nahiz eta argi mota ezberdina ez izan, askoz kontsumo gutxiagorekin lortzeko modua dagoela argiztapena. Argindar gastua gutxitzea ekarriko du horrek Udalarendako, baina garrantzitsua da gizartea bera, orokorrean, energiaren gutxiago kontsumitzeko bidean sartzea. Azkenean, erregai fosilak gastatzen ari diren garai honetan, krisi energetikoa agerikoa da, eta gaur egungo beroak ere, nolabait, trantsizio energetiko bat eskatzen du. Horren atzetik energia kontsumo jaitsiera dago".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak