Ondarea, natura, kultura eta komunitatea batzen dituen marka turistiko berria du Oñatik. Oñatiren "irudia eta komunikatzeko modua" eguneratu gura izan ditu Udalak horrekin eta euskarri ezberdinetan erabiliko du aurrerantzean. Testuinguru horretan, turismoari lotuta herrian dauden seinaleak ere aldatu egingo dituela iragarri zuen duela bi aste, marka aurkeztearekin batera, eta horretan ari dira orain. Kolore marroia, ondarearen kolorea, dute kalean jartzen ari diren seinale berriak eta markarekin bat datorren letra tipografia erabiliz adierazten dute bisitatzeko moduko eraikinera joateko distantzia. Herri sarreran ere, Goribarren esaterako, jarri dute Oñatira ongietorria egiten duen kartel erraldoia, hiru argazki ditu eta turismorako erabiliko duten mezua irakur daiteke: Oñati, ikuspegi ezberdinen topagunea.
Oinezkoentzako seinale hauekin, Oñatiko monumentu edota ondare gune nagusiak lotzen dituen ibilbide zirkularra egin daiteke, bi noranzkoetan. Seinale bakoitzean hurrengo geldialdirainoko distantzia adierazten da, eta honako puntu hauetan jarriko dituzte: Turismo Bulego eta Txaketuaren parean, Santa Marina plazan, Bidaurretako Monasterioaren biribilgunean eta Oñatiko Foruen plazan.