Ikastetxeak erreferentzia puntutzat hartu eta gaztetxoek ohikoan erabiltzen dituzten eraikinetara edo zerbitzuetara zein jolastu edo kirola egiten duten espazioetara modu jasangarrian eta seguruan joateko modua dutela jaso dute Lehen Hezkuntzako ikasleek Bagabiltz programaren barruan egindako lanketan. Neurtu dute, adibidez, ikastetxetik kiroldegira, kultura etxera, San Martinera, Azkoagainera, Olakua parkera, musika eskolara, Eltziara, Santa Anara edo skate parkera dauden distantziak metrotan, baita horiek oinez egiteko zenbat minutu behar dituzten ere, eta ikastetxe bakoitzak bere eraikineko fatxadan jarri du emaitza hori ikusten den metro-minutuen mapa.
Ikastetxe bakoitzak berea
2017an antzeko lana egin zen, herria erreferentziatzat hartuta; Oñatiko metro-minutua kiroldegiko fatxadan egon zen ikusgai. Orain, ikastetxe bakoitzak egin du bere metro-minutuen mapa. Oinez, patinetean edo bizikletan ibiltzearen eraginkortasuna nabarmendu gura izan dute proiektu honekin, askotan, autoan baino arinago iristen baitira ikasleak puntu batetik bestera.

Hain zuzen ere, mugikortasun aktibo, autonomo eta jasangarrirako Oñatik dituen aukera handiak ikustaraztea izan da lanketa honen helburua, bai etxetik eskolara joateko nahiz gaztetxoen eguneroko beste jardueretarako ere. Urtarrilean hasi ziren gai hau lantzen Udalaren eta ikastetxeen arteko hezkuntza mahaian, eta ordutik ekainera bitartean ibili dira Lehen Hezkuntzako laugarren eta bosgarren mailako ikasleak eta irakasleak –hirugarren mailakoak ere bai ikastetxe batean– metro-minutuaren mapa egiteko datuak biltzen eta horiek koloretako mapan kokatzen eta adierazten. Ikastetxe bakoitzak egin du bere mapa eta eraikineko atarian jarri du orain ikusgai.
Modu parte-hartzailean
Proiektua modu parte-hartzailean egin dute. Eskola bakoitzeko ikasleek eurek erabaki dute nondik norako distantziak hartu gura dituzten eta eurak egin dituzte neurketa guztiak, oinez, bai metrotan bai minututan, ikastetxetik abiatuta. Ondoren, jasotako datuekin, Bagabiltz programaren arduradun teknikoak eta Jabier Erostarbe diseinatzaile oñatiarrak azken diseinuari forma eman diote.

(Argazkiak: Oñatiko Udala)