Hala, lasterketako antolatzaile Abixaran taldeko ordezkariak 2024tik daramate Torreauzo krosari dena salduta kartela jartzen. Arrakastaren zergatiaz galdetuta, Ainara Diaz de Guereñuk garbi dauka erantzuna. "2023an 250 dortsal genituen eta 200 korrikalari etorri ziren. Eta, hortik aurrera gorakada etorri da. 2024an, jendearen interesa ikusita, parte-hartzea 300era igotzea erabaki genuen, eta ordutik dortsal guztiak saldu ditugu. Izaera oso herrikoia duen lasterketa da, eta gu saiatzen gara guk parte hartu nahiko genukeen lasterketa antolatzen, eta horretarako, hasteko, lasterketa irabazten duena, eta helmugara azkena iristen dena, biak berdin zaintzen ditugu. Uste dugu korrikalariak nabaritzen duela mimoz antolatzen dugun lasterketa dela, eta bereziki proba amaieran egoten den giroak asko laguntzen du jendea oroitzapen onaz geratzen. Luntxa egoten da, askotariko produktuen zozketa ederra egiten dugu... Korrikalariak ez dira lasterketa amaitu eta berehala etxera joaten, eta hori garrantzitsua da, giro polita egoten da".
Oñatiar asko proban
Aurretik aipatutakoaz batera, Diaz de Guereñuk nabarmendu du hitzorduak oñatiarren artean duen harrera ona. "Gazte askok lasterketa koadrilan egiteko ohitura hartu dute, eta etortzen da jendea igual urte osoan beste lasterketarik egiten ez duena, baina Torreauzon kalerik egiten ez duena. Gero bazkaltzera joateko plana egiten dute...".
Domekarako, freskoago
Antolatzaileak, egin duen beroarekin, eguraldi iragarpenari begira egon dira egunotan. "Egunotako beroa egingo balu ura banatzeko anoa postu gehiago jarriko genituzke zirkuituan zehar, baina badirudi euri apur bat egingo duela eta tenperatura freskatu egingo dela. Korrikalariek eskertuko dute, seguru". Lasterketari dagokionez ez dago aldaketarik, Etxe-Aundi jatetxe parean hasita, korrikalariak San Pedro auzotik Olateraino joango dira, hau buelta erdi hartzeko. Guztira 7,5 kilometro egingo dituzte korrika.